Parkeak, aparkalekuak, udal planak eta beste proposatu ditu PSE-EEk

Ubane Madera 2019ko mai. 17a, 09:31

Arrosak, gozokiak, boligrafoak eta, zela ez, euren proposamenak jasotzen dituzten esku-orriak banatzen ibili ziren atzo, eguena, PSE-EEko ordezkariak erdigunean, azoka txikia zegoela aprobetxatuta. Patricia Borinaga alkategaiak lagun izan zituen Rafaela Romero eta Susana Corcuera alderdikideak eta baita Soraluzeko sozialista ezagunak ere.

Honako proposamenak helarazi zizkieten herritarrei sozialistek, batzuk aipatze aldera: kale-hezitzaileen programa abiaraztea; Haurren eta Nerabeen Premien Azterlanean jasotako ekintzak bultzatzea; interbentzio familiarrari dagokion programa indartzea; nagusiendako I. Udal-plana egitea; Esperientzia Gela indartzea; udalerrirako sarbidea hobetzea Gi-627 errepidetik Maltzaga-Soraluze norabidean; bi puntu horien arteko bidegorria bultzatzea eta instalazio elektrikoak hobetzea.

Parkeak eta aparkalekuak

Horrekin batera, Soraluzeko sozialistek beste honako jarduerak ere proposatzen dituzte: III. Berdintasun-plana eta Sexu Aniztasunerako I. Udal-plana egitea; estalitako parke inklusiboa sortzea eta ludotekako zein gaztelekuko eskaintza bultzatzen segitzea; aparkaleku publikoak eta doakoak egokitzea SAPAren lursailean; herriko zoladura apurka-apurka berritzen joatea eta bermatzea irisgarritasuna goiko auzoetara eta Maisuen Etxe inguruko etxeetara.