Andainaren ibilbideak San Martzial ere ukituko du

Ubane Madera 2019ko mai. 16a, 09:56

Domekarako apenas lau egun gelditzen diren honetan, azken ukituak ematen dabiltza Soraluze, Mugituz! topaguneko kideak Urban Trail eta Andaina Herrikoia lasterketei begira. Igandean goizean goiz hasiko dira Zubi Nagusia animatzen eta partaideen azken izen-emateak hartzen. Bestalde, 09:30eko autobusa Sagarrerrekan geratuko da, Urban Traila dela-eta. (BIDEOA barruan)

Egunotan azken detaileak lotzen dabiltza domekan Urban Trail eta Andaina Herrikoia lasterketak gauzatzeko. Adibidez, Soraluzeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 09:30ean Eibartik Soraluzera datorren autobusa herritik kanpo pasatu behar da, beraz, Sagarrerrekako geltokian geldituko da eta behin bidaiariak hartuta, saihesbidetik egingo du Bergarako bidea. Osterantzeko autobusak normal pasatuko dira.

Opari eta guzti

Bestela, sorpresa eta guzti datoz aurten domekako lasterketak. Esaterako, Urban Trailaren ibilbidea iazko alderantzizkoa izango da, eta besteak beste, Andaina lasterketa ez lehiakorreko ibilbideak San Martzial ukituko du. Eta zela ez, kirol proben amaieran opari zozketa izango da. Atzo, eguaztena, Hamabostero Hankabero ekimena prestatzen zebilela eman zituen xehetasunak Jokin Martinezek, antolatzaileetako batek.