Erraz irabazi zuten

Ubane Madera 2019ko mai. 15a, 09:34

Atxotegi eta Bolinaga pilotariak atzo, martitzena, Bergarako bikotearen kontra.

22-6 irabazi zieten atzo Aitor Atxotegik eta Ibai Bolinagak Bergarako Irizar eta Gartzia bikoteari eskuz binaka, Debarroko txapelketaren baitako partiduan. Hasiera-hasieratik ipini ziren aurrean etxekoak, sakearekin berarekin hainbat puntu poltsikoratuta.

6 puntutara besterik ez ziren ailegatu bergararrak eskuz binaka atzo Soraluzen jokatutako partiduan. Atxotegik sakea eskuratuta, luze eta indartsu jokatu zuen hark, ohi duenez, eta nahikoa lanekin jasotzen zuen pilota Bergarako atzelariak. Hala eskuratu zuten soraluzetarrek hasierako abantaila eta partidu amaierara arte nasai eutsi zioten.

Hurrengo hitzordua

Atzokoa eginda, hurrengo hitzordua ere bergararren kontra dute soraluzetarrek. Hori datorren astean izango da, baina oraindik ez dizkiete ez ordua eta ezta eguna zehaztu.

Bestalde, gogoan izan barikuan gomazko paletako hiru partidu jokatuko dituztela Soraluze Pilota Elkarteko jokalariek Usurbilgoen kontra etxean, Arane kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.