Gaur eta barikuan, pilota txapelketak

Ubane Madera 2019ko mai. 14a, 12:34
Santamaria, Heriz, Etxeberria eta Atxotegi, paletekin.

Gaur, martitzena, Debarroko txapelketako partidua jokatuko dute Bolinagak eta Atxotegik Bergarako Etxaniz-Gartzia bikotearen kontra. 19:45ean  hasiko da partida. Barikuan, berriz, gomazko paletako norgehiagokak izango dira, hurrengo faserako sailkapena jokoan dutela soraluzetarrek.

Debarroko txapelketako azken-aurreko jarduna jokatuko dute gaur 19:45ean Soraluzeko bikoteak Bergarako bikotearen kontra, esku pilotan. Ibai Bolinagak eta Aitor Atxotegik Bergarako Etxanizek eta Gartziak osatutako bikotea izango dute, hain justu, aurrez aurre. Eta partidu esanguratsua da, hurrengo faserako, final zortzirenetarako sailkapena dago-eta jokoan.

“Jokatuko dugu lehenengo postua ea zeinek lortu. Ligaxkako azken partidua denez, eta biok irabazi dugunez partidu guztiak, bihar irabazten duena geratuko da ligaxkan lehenengo. Gazteak dira, baina maila onean dabiltza eta ondo jokatzen dute”, esplikatu du Aitor Atxotegik gaurko hitzorduari buruz.

Barikuan gomazko paleta

Bestalde, barikuan pilotarekin beste hitzordu bat dago Arane kiroldegian. Kasu honetan, gomazko paletako Herriarteko txapelketaren buelta jokatuko dute soraluzetarrek, 19:00etan hasita. Izan ere, joan den zapatuan jokatu zituzten joaneko partiduak Usurbilgo jokalarien kontra, eta orain haiek etorriko dira Soraluera.

Emaitzak

“Oraingoan saiatu beharko gara hiru partiduak irabazten hurrengo fasera pasatzeko, final zortzirenetara, baina zaila izango da ze tanteo eskasa dugu”, esan du Aitor Atxotegik. Hain justu, joan den zapatuan honako emaitzak eskuratu zituzten soraluzetarrek jokatutako hiru partiduetan:

1- Gorka Santamariak, banaka, kantxa guztian, 20-6 galdu zuen.
2- Joseba Etxeberriak eta Jon Gallastegik, binaka 20 -5 galdu zuten.
3- Aitor Atxotegik banaka 7aren barruan, 20-12 irabazi zuen.

Azkenik, joan den barikuan jokatu zituzten pilotari gazteenek Udaberri txapelketari dagozkion partiduak Soraluzen, eta honako emaitzak eskuratu zituzten:

Ekhi Amuategik eta Ane Fidalgok 5-16 galdu zuten Azpeitiko bikotearen kontra.
Eta Unai Morenok eta Aiert Losadak 18-4 irabazi zuten Oñatiko bikotearen kontra.