Bi lasterketatan podiumeko gorengo eskaileran

Ubane Madera 2019ko mai. 13a, 10:24

Jokin Muñoz korrikalariak indartsu hasi du denboraldia. Atzo, domeka, irabazi egin zuen XXXVIII. Iruñea Hiriko Maratoi Erdia; eta joan den domekan, berriz, Zarauzko III. Herri Lasterketan gailendu zen. Domekan du hurrengo hitzordua, etxean, Urban Trailan parte hartuko du-eta. Are gehiago, iazko txapelduna izanda, berak du jarrita domekako lasterketako orain arteko denborarik onena.

700 korrikalariren artean Jokin Muñoz soraluzetarra ailegatu zen atzo, domeka, Iruñeko helmugara lehenengo. XXXVIII. Iruñea Hiriko Maratoi erdian parte hartu zuen, eta 1.12 minutuan bukatu zuen 21 kilometroko ibilbidea, zituen aurreikuspenen arabera.

 “1:12 egiteko intentzioarekin irten nintzen, nire erritmoan joan nintzen eta 10 km.-ko lasterketa ere bazegoenez, lehenengo haiekin egin nuen taldea, eta gero 10. kilometrotik helmugara arte bakarrik joan nintzen. Nire erritmoa eramaten ahalegindu nintzen, Ikusita lehena nindoala, lasterketa hasierako autoa nire aurretik ikusita, eta euren animoekin, ba nahiko erraz bukatu nuen, bai”, kontatu du Muñozek.

Hori bai, aitortu du, baita ere, haizearekin borrokatu behar izan zuela, baina hala ere, bere helburua bete egin zuen, eta “oso pozik” dago horregatik: “Haizea zebilen. Eta batzuetan alde zetorren eta bestetan kontra. Erritmoa mantentzea zaila izan zen, baina banekien 1:12 inguruan ibiltzeko moduan nengoela eta azkenean bete egin zen. Oso pozik nago”.

Baita Zarautzen ere

Hori gutxi ez, eta aurreko domekan ere podiumera igo zen Jokin Muñoz. Kasu honetan, Zarauzko herri lasterketa irabazi zuen, 230 bat korrikalariren artean. 26:50-eko denboran gainditu zituen lasterketako 8,2 kilometroak Muñozek.

“Azken kilometrora arte batera joan ginen, eta gero aurrean jarri nintzen nire erritmoarekin, eta atzean geratu ziren gainontzeko korrikalariak. Azkenean, bigarrenari hainbat segundo atera nizkion”, kontatu du.

Martxoan hasi du aurten lasterketen denboraldia Jokin Muñozek. Pare bat egin zituen Aste Santu aurretik eta beste biak ondoren. Emaitzak ikusita, “hasiera oso ona” izan du soraluzetarrak, eta indar horrekin egingo dio aurre datorren domekan Soraluzen jokatuko den Urban Trail kirol probako lasterketa luzeari.

Domekan, Urban Traila

Hain justu, iaz Muñozek berak ezarri zuen estreinakoz jokatu zen lasterketako denborarik onena: 00:39:33. “Prest” dago aurten ere “ahal den eta ondoen” egiteko lasterketa: “Ikusi egin behar eguraldia eta beste, baina ahal den ondoen egiten ahaleginduko naiz”, dio.

Urban Trail lasterketari buruz galdetuta, berriz, zera dio: “Diferentea da, eskaileretan erritmoa ezin duzu konstante eraman… errutinatik ateratzeko desberdina da. Animatuko nuke jendea domekako lasterketan parte hartzera”, gaineratu du.

Bestalde, Soraluzekoaren ondoren ere badu buruan hurrengo zein lasterketa egingo duen:  ekainaren 9an Laudiora doa, 10 kilometroko lasterketa egitera, eta asmoa du urte amaierarako beste maratoiren bat prestatzeko.

 

Argazkiak: Irati Iñurrieta.