EHBilduk, EAJk eta PSE-EEk elkarri galdera bana egin diote

Ubane Madera 2019ko mai. 12a, 09:06
Udal ordezkaritza duten hiru alkategaiak.

Soraluzen udal ordezkaritza duten hiru alderdiei eskatu diegu elkarri galdera bana egiteko. Barruan daude galdera-erantzunak jasota.

EHBilduk EAJri eta PSE-EEri emandako erantzunak

EAJ:  Kale argiteria zaharberritzea zuen legealdiko proiektu nagusietakoa izanik, eta ikusita lau urteotan emandako arazoak, zer proposatzen duzue hurrengo legealdirako?

Lau urteotan Hirigintza batzordeetan proposatu duguna da, argi berriekin urtero aurrezten diren 50.000 euroak erabiltzea zaharkituta dagoen kableatua berrizteko. Izan ere, argiak itzaltzen dira kableatua egoera txarrean dagoelako eta ez farola berriak ipini direlako. Armairu elektriko zaharrak egoera oso kaskarrean zeuden, 'arriskutsu', elektrizisten esanetan, eta horregatik berriztu ziren. Orain, sistema berrituaren segurtasunak salto egiten du zaharkituko kableatuaren inzidentziak detektatzen dituenean. Ez duguna ulertzen da zergatik ez duzuen gaia mugitu.

PSE-EE:  Zela ikusten duzue PSEk herriari egin dion udal ekarpena?

PNVrekin egindako paktuak baldintzatu du. Ongizate, berdintasun eta gazteria batzordeetan PSE-EE eta EHBildu egon izan gara (EAJk ez du parte hartu) eta heldu gara oinarrizko akordikoetara. Baina udal gobernuaren erabaki asko PNVren menpe egon dira. Zintzoki uste dugu, PSE-EEk ekarpen hobea egingo lukeela EHBildurekin elkarlanean eta ez EAJrekin EHBildu baztertzen duen paktuan.

EAJk EHBilduri eta PSE-EEri emandako erantzunak

EHBildu:  Zergatik uste duzue desagertu dela Alkarrekin Soraluze Eginez dinamika agintaldi honetan?

Pasa den legealdian Alkarrekin prozesuak hausnarketa-fasea bukatu zuen; legealdi honetan, aldiz, proiektuak lehenesteari eta exekutatzeari ekin diogu, eta horietako bakoitza herritarren partaidetzarekin egin da. Gainera, eta kontuan hartuta parte-hartzeko foroek badituztela euren ahulguneak ere, pauso bat haratago eman da, eta lehenengo herri-galdeketa egin dugu, eta bertan 600 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute. Hurrengo legealdiari begira, espero dugu hasitako bideari jarraitzea.

PSE-EE:  Zela baloratzen du EAJk PSE-EErekin Udal Gobernua osatzeko paktua; zer ekarpen egin diogula uste du?

Balorazio oso positiboa egiten dugu. Nahiz eta ideologia desberdinetako alderdiak izan, desadostasunak alde batera utzi ditugu, herri-kudeaketan elkarrekin aritzeko eta herritarren arazoei bide emateko. Horrek, azken lau urteotan, egonkortasun politikoa eta ekonomikoa eman dio Udalari. Horri esker, urte askoan geldirik egon diren eta herriarentzat ezinbestekoak ziren proiektuak gauzatu dira eta emaitzak agerikoak dira.

PSE-EEk EAJri eta EHBilduri emandako erantzunak


EAJ:  PSE-EEko ordezkariek kudeatutako alorretan, hurrengo agintaldirako zer proposatuko zenukete?

Gizarte ongizatean kale-hezitzaileen programa abiaraztea, interbentzio familiarrari dagokion programa indartzea, nagusiendako I. Udal-plana egitea eta Esperientzia Gela indartzea proposatzen dugu. Baita II. Berdintasun-plana eta Sexu Aniztasunerako I. Udal-plana egitea ere. Horrekin batera, estalitako parke inklusiboa sortzea nahi dugu eta segitzea bultzatzen ludotekako zein gaztelekuko eskaintza. Baita herriko zoladura apurka berritzea ere eta bermatzea irisgarritasuna goiko auzo eta Maisuen Etxe inguruko etxeetara.

EHBildu:  Zenbateko garrantzia du PSE-EErentzat zinegotzi guztiak elebidunak, edo gutxienez Belarriprest izateak?

Pentsatzen dugu euskarak gizarte kohesiorako tresna izan behar duela, ez banaketarakoa. Beti defendatu dugu euskararen ezagutza eta erabilera. Baina beti egon gara diskriminazioaren kontra, berdin dio zein arrazoik eragindakoa; horregatik, sekula ez dugu onartuko euskara ez dakien norbait kargu publiko batean auzokideak ordezkatzeko aukerarik gabe lagatzea. Edozelan ere, sozialistondako aurrera egitea, bada euskaran aurrera egitea ere.