Unai Larreategi: "Elkarlanean sakondu beharra dugu"

Ubane Madera 2019ko mai. 11a, 10:02
Unai Larreategi alkategaia.

Unai Larreategi (Soraluze, 1979) da EHBildu koalizioak aurkeztu duen alkategaia. Lau berbatan azaldu ditu asmo nagusiak zeintzuk dituen.

Zergatik aurkezten zara alkate izateko?
Herritarren bultzada izan da arrazoi nagusia. Plazentziatar izatearen harrotasuna ikutu xamar daukagun honetan, jende ezberdin askok esan dit ilusioa berreskuratu nahi duela gure herriaren alde lan egiteko eta animatzeko berriz ere alkategai aurkeztera. Ez da erabaki erraza izan, bizitza pertsonala eta ingurukoena asko baldintzatzen duelako, baina, egia esateko, gogotsu nator.

Alkatetza eskuratuz gero, zer egingo zenuke lehenengo?
Alkatearen soldata zuzentzeaz gain, gaur egungo lan-estiloa aldatu. Ari dira herria kudeatzen estrategiarik gabe, ondorioz, ulergaitzak diren hainbat erabaki hartzen dihardute etengabe. Dinamika horrekin bukatu behar da, estrategia argi bat definitu eta horren araberako erabakiak hartu. Horrela, hobekuntzak igarriko lirateke, baita ekonomiaren gestioan ere.

Gertu zinateke beste alderdiren batekin gobernua adosteko?
Urteak daramatzagu esaten guztion arteko lanean sakondu beharra dugula Soraluzen. Filosofia horrekin sortu genuen Alkarrekin Soraluze Eginez prozesua. Helburu argiak zituen, alderdi guztiak elkarlanean eta herritarrekin batera eraikitzea herriko etorkizuna. Datorren agintaldirako, proposatzen dugu logika berarekin lan egitea. Ea oraingoan beste alderdiek ere elkarlana hobesten duten, itun baztertzaileen ordez.