Patricia Borinaga: "Gakoa da zer hitzartu eta zertarako"

Ubane Madera 2019ko mai. 11a, 09:06
Patricia Borinaga alkategaia.

Patricia Borinaga (Soraluze, 1973) da alderdi sozialistak aurkeztu duen alkategaia. Lau berbatan azaldu ditu asmo nagusiak zeintzuk dituen.

Zergatik aurkezten zara alkate izateko?
Nire helburuak jarraitzen duelako izaten Soraluze hobea eraikitzea, eta, uste dut, lau urteotan Udal Gobernuan izan ditudan erantzukizunekin erakutsi dudan moduan, horretarako gertu nagoela eta gai naizela. Enpatia, entzuten jakitea eta bizilagun guztiendako mesedegarriak diren akordioak lortzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsuak dira halako ardura postua eskuratu nahi izateko.

Alkatetza eskuratuz gero, zer egingo zenuke lehenengo?
Zaila da gauza bakarra aukeratzea, ze nahiz eta lau urteotan gauza asko egin ditugun, oraindik asko dago egiteko eta hobetzeko. Baina bakarra aukeratu behar izanez gero, aukeratuko nuke plan integrala egitea kaleko argiteria mantentzeko eta hobetzeko. Uste dut ahalik eta lasterren heldu behar zaiola gaiari, argiztapen txikiak edo kalitate baxukoak eragiten dituen eragozpenez aparte, segurtasun ezaren sentsazioa areagotu egiten duelako. Hori bai, eten barik, gainontzekoa egiten joango nintzateke…

Gertu egongo zinateke beste alderdiren batekin gobernua adosteko?
Egin dugu hori legealdi honetan, eta uste dugu positiboa izan dela. Maiatzaren 26ko emaitzak ikusi beharko ditugu, baina garrantzitsuena da zer hitzartu eta eta zertarako hitzartu, eta ez gobernuan egon ala ez egon.