BIDEOA. “Permanentzia zen helburua eta bete dugu” Oier Ariznabarreta

Egoitz Unamuno 2019ko mai. 4a, 13:01

Preferente mailako taldearen kapitaina da Oier Ariznabarreta. Bere esanetan, taldeak bete du aurtengo helburua: mailari eustea.

Denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, Sorako nagusien taldea sailkapenaren 7. postuan dago –16 talde dituen multzoan-. Gainera, oraindik ere badu aukera sailkapenean aurrera egiteko, izan ere, puntu bakarrera ditu seigarren eta bosgarren sailkatuak –Aretxabaleta eta Zumaiako-.  

Denboraldi “gorabeheratsua”

Ariznabarretaren iritziz, denboraldia “gorabeheratsua” izan da. “Gaizki hasi ginen, partidurik irabazi ezinda. Lehenengo bueltaren amaiera aldera, azkenengo gindoazen. Gero, hamabi partidu egin genituen galdu barik eta laugarren jarri ginen. Azkenean, lortu dugu maila mantentzea, baina ez gora ez behera gelditu gara sailkapenaren erdialdean”. Ostera, helburua bete dute. “Helburua zen Aste Santura trankil heltzea eta hori lortu dugu, nahiz eta azkenengo partidua 4-0 galdu genuen Aloñamendiko oñatiarren kontra…”.

Fitxaje berri asko

Aurtengo denboraldian fitxaje berri asko izan ditu taldeak: “Kanpotik etorri ziren entrenatzaileak, delegatua eta hainbat jokalari, eta herriko beste hainbat jokalari beterano ere bueltatu ziren taldera. Denboraldia 23 jokalarik hasi genuen eta orain 19 gaude. Horien artetik 12 bat gara herrikoak eta uste dut nahiko kopuru polita dela aurreko denboraldiekin konparatuta. Bloke txukuna mantendu dugu eta hori da garrantzitsuena. Datorren urtean, ikusi egin behar, baina nik asmoa dut jarraitzeko.”

Pitxitxia, “Txato”

Klubaren ohitura da, urtero, denboraldia amaitu ostean, goleatzaile onenaren saria banatzea eta, dirudienez, aurten pitxitxia Jon Agirregomezkorta “Txato” izango da. Oraingoz, 12 golekin, bera da taldean golik gehiena sartu dituena. Atzetik du Mikel Oregi “Zabale” lau gol gutxiagorekin. 

Amaiera lasaia

Bi jardunaldi bakarrik falta dira denboraldia amaitzeko eta Oierrek dioenez amaiera “lasaia” izango da, dagoeneko ez baitute ezer jokoan. Dena dela, azken partiduak irabazten ahaleginduko dira. Aste Santuko atsedenaren ostean, bihar, zapatua, jokatuko dute azkenaurreko partidua Ezozin Ilintxaren (Legazpi) aurka eta, azkena, berriz, hurrengo asteburuan, Ikasberriren kontra (Azpeitia).