EAJ eta PSE-EE pozik emaitza orokorrekin

Ubane Madera 2019ko mai. 1a, 10:19

Herritarrak botoa ematen, domekan.

Soraluzeko EAJk eta PSE-EEk domekako hauteskundeetako emaitzen balorazio orokorra egin dute, herriz gaindikoa. Biak ala biak “pozik” daude lortutakoarekin.

 

EAJren izenean Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri du 100.000 boto gehiago eta sei diputatu eskuratu dituztela jeltzaleek, Bizkaian hirugarrena irabazi dutela eta 10 senatari izango dituztela: “Hortaz, oso-oso pozik gaude. Ikusiko dugu zer gertatuko den gero. Araban lehen indarra izan gara, orain arte gertatu ez dena.

Eta seigarren diputatua lortzea ere… historikoki sei izan ditugu, beraz, lehengo egoerara bueltatzen gara”.

Kongresua eta Senatua 

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, nabarmendu du “pozik” daudela, “nazio mailako emaitzek erakusten dutelako jendeak baloratu egin duela gobernuak hilabeteotan egindako lana, batik bat, neurri sozialak hartzeari dagokiona. Eta ez dira garrantzitsuak Kongresurako lortutako emaitzak bakarrik, baita Senaturako lortutakoak ere; izan ere, Senatuko gehiengoa Kongresukoaren oso bestelakoa zen orain arte eta Kongresuak onartutako proiektu asko gero Senatuak gerarazi egiten zituen; orain hori saihestu egingo da, ze pasatu gara PPk erabateko gehiengoa izatetik PSOEk erabateko gehiengoa izatera (…) Orain arte, adibidez, Senatuak 155.artikulua martxan jar zezakeen, eta hori absurdoa zen. Orain halakorik ezin da gertatu”.

"Zigortu" 

Sozialistek Euskadin eskuratutako datuak ere baloratu ditu Borinagak, esanez argi geratu dela “zenbait berezitasun” dituzten erkidegoetan, Katalunian, Euskadin eta Galizan beste erkidego batzuetan baino gehiago “zigortu” dutela eskuma, eta horrek “zer pentsarazi” eman beharko lukeela uste du. “Agerian geratu da berezitasunak dituzte erkidegoen kontrako diskurtsoak egiteak ordaina dakarrela”.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.