“Helburua garbia da: herri honen alde lan egitea eta bertako bizi-kalitatea hobetzea”

Ubane Madera 2019ko api. 30a, 11:44

“Herri honen gaiak, interesak eta agenda defendatzeko onenak gara, horregatik eman dizkigute botoak”, azpimarratu zuen Joseba Egibarrek, GBBko buruak atzo Plaza Zaharrean, Soraluzeko hautagai taldearen aurkezpen ekitaldian. Iker Aldazabal alkategaiak, besteak beste, lau urteotako udal gestioa aldarrikatu zuen, eta “gaztetasun eta esperientziadun” pertsonez osatutako taldea aurkeztu zuen Soraluzerako.

“Pertsonalki oso pozik” dago Iker Aldazabal alkategaia jeltzaleek Soraluzerako osatutako taldearekin. Halaxe transmititu zuen atzo, astelehena, hautagaiak aurkezteko Plaza Zaharrean egindako ekitaldian. Ezaugarriak, honakoak: “Esperientzia, gaztetasuna, ilusioa, lana, eta soraluzetarrak direnez, euren helburua garbia da: herri honen alde lan egitea eta bertako bizi-kalitatea hobetzea”.

"Konpromisoak bete"

“Lan talde berritua aurkezten dugu, lanerako ilusioz eta gogo betez dagoena, eta ziur nago berriro ere lortuko dugula orain hartzen ditugun konpromisoak betetzea. Emandako hitza beteko dugu berriro ere, eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu Soraluze sendoa eraikitzen”, gaineratu zuen alkategaiak.

Jeltzaleen proposamena honako hauxe da:

  • Iker Aldazabal
  • Veronica Galarraga
  • Ramon Gallastegi
  • Abel Olaizola
  • Mari Carmen Ezenarro
  • Xabier Alberdi
  • Jose Javier Garmendia
  • Maria Angeles Ariznabarreta
  • Amaia Bedaio
  • Koldo Ugarte
  • Nagore Zabala

2.100.000 euro inbertsioetarako

Aldazabalek berak lau urteotako udal gestioa ipini zuen egindako lanaren adibide modura, azpimarratuz, “tentsio handia” izan zutela hasieran, “baina ika-mika politikoak alde batera utzi eta kudeatzeari ekin” ziotela, eta, emaitzak ikusita, “merezi izan du”, esan zuen; eta adibide modura azpimarratu zuen “udal gestioari esker ia 2.100.000 euroko inbertsioak” lortu dituztela Soraluzerako.

Hain justu, lau urteotako jardunari errepasoa egin eta honako proiektuak nabarmendu zituen Iker Aldazabalek:

  • - Hirukurutzetako biribilgunea eta Ezoziko futbol zelairako bidearen argiztapena, biak ala biak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzei esker gauzatutakoak.
  • - SAPAko lehen eraikina hitzarmen bidez Soraluzerako eskuratu izana.
  • - Pascual Churruca lantegiaren lau lursailak, 800.000 eurotan baloratutakoak, 404 eurotan eskuratu izana eta Jaurlaritzarekin Babes Ofizialeko Etxebizitzak sustatzeko elkarlanaren lanketa.
  • - Mesedeetako egoitzarako igogailua, “egoiliarren bizi kalitatea” hobetu duena.
  • - Dolmenen Ibilbideari bultzada esanguratsua eman izana.
  • - Baserritarrekin duten harremana, haien jarduna eta azpiegiturak zaintzeko helburuarekin.
  • - Sologoengo zentral hidroelektrikoa udal jabetzarako eskuratu izana.
  • - Gazteleku berria egin izana eta ludoteka handitu izana.
  • - Kiroldegia handitzeko proiektua eta hori gauzatzeko Diputazioaren dirulaguntza eskuratu izana.
  • - Musika eskolako eraikina berritu izana.
  • - Institutua berritzeko Jaurlaritzarekin hitzarmena adostu izana.
  • - Estazioko parkea gauzatu izana, eta laster gauzatuko diren Ezozibideko parkea eta skate parkea.
  • - Bizikidetza Mahaia eratu izana.
  • - Herri galdeketa egin izana, jardun demokratiko modura, autobus geltokiarendako kokalekua erabakitzeko.


Bada, hori guztia aurkezten Iker Aldazabalek ondoan izan zituen Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar eta Batzar Nagusietan EAJren bozeramale den Maria Eugenia Arrizabalaga.

Errespetua eskatu eta eskaini

Lazo horia ondo bistan zuela eta Espainiako hauteskundeetako emaitzei keinua eginez, Egibarrek maiatzeko hauteskundeetan “bidea ematen jarraitzeko” eskatu zuen: “Atzoko emaitzekin ezin gara erlaxatu, eta behin eta berriz gure proiektu politikoei bidea ematen jarraitzeko eskatu behar diegu herritarrei. Hori da hemendik maiatzaren azken astera bitarte egin behar dugu”.

“Euskadiko agenda eta interesak defendatzeko aukera hoberena gure alderdia delako jarri dute gugan konfiantza”, gaineratu zuen Egibarrek, eta ildo beretik azpimarratu zuen Euskadi eta Catalunyan gertatutakoari bizkarra ezin diola eman Espainiak: “Estatuak ezin du aurrera egin arazo politikoei irtenbide politikoak eman gabe, eta horrek Euskadi eta Catalunyan gertatutakoari beste aldera ezin dio begiratu (…) Espainiari errespetua eskatzen diogu, baina aldi berean herri hau osatzen dutenak errespetatzen ditugu, beraien giza eskubideak errespetatzen ditugu. Eta alderdi modura dugun ibilbide guztian hori egin izana dago etorkizunari begira gure egiaztagirian”. Egibarren esanetan, guztiek ezin dute berdina esan, izan ere ezker abertzalea politikara “behartuta” pasatu da “bere estrategiak porrot egin duelako”.

EAJren eredua

Eta Deba-Urola barrutiko EAJ-PNVren hautagaitzaren buru den Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz, EAJren eredua defendatu zuen, bereziki, EHBilduren ereduari kontrajarrita, “eredu ekonomiko sendoa, justizia soziala eta eskubide nazionalak” aintzat dituen eredu jeltzalea, alegia. Eta adibide modura ipini zuen EAJk 50 milioi bideratu dituela arlo ekonomikoan “EHBilduk ez baitzuen ezer egin”; hondakinen kudeaketan Zubietako erraustegiaren proiektua gauzatu izana nabarmendu zuen EHBilduk gai horrekin erakutsitako “dogmatismoaren eta faxismo puntuaren” ondorioa izan zelako, besteak beste, 150.000 tona zabor errefusetara botatzea, eta Deskargako autobidea gauzatu izana ere azpimarratu zuen, “EHBilduk lanak hasi eta zintzilik” laga ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.