Udal hauteskundeetarako mahaien zozketa eginda

Ubane Madera 2019ko api. 29a, 12:09
Herritar bat botoa ematen, atzoko hauteskundeetan.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak bukatu berri ditugun honetan, dagoeneko egin dute datozen udal hauteskundeetan mahaietan egongo diren herritarren zozketa. Azken urteotan ohi denez, aplikazio informatikoa baliatuta egin du zozketa udal idazkariak eta datozen egunotan helaraziko dituzte jakinarazpenak.

Atzoko kasuan moduan, 45 herritar beharko dira maiatzaren 26ko Udaletako eta Foruetako eta Europako hauteskundeetan, Soraluzeko bost mahaiak osatzeko. Hain justu, mahai bakoitza osatuko du lehendakari batek eta bi bokalek, eta ordezko bina ere izango dituzte haiek, ezintasunen bat tokatuz gero, haren lekua betetzeko.

Jakinarazpenak udaltzainek

Beraz, datozen egunotan jasoko dute 45 herritarrek mahaietan egotea tokatu zaienaren jakinarazpena, udaltzainen eskutik. Eta oraingo hauteskundeetan moduan, tokatu zaion herritarrak egon beharko du hauteskunde egunean 08:00etarako dagokion lekuan. Aldez aurretik emango diote egin beharrekoen gaineko informazioa; eta egunean bertan ere jasoko ditu azalpenak.

Hauteskunde egunari dagokionez, 09:00etan zabalduko dituzte hauteskunde-mahaiak, 20:00ak arte. Eta gero, botoen zenbaketa egingo dute. Lehenengo posta bidezkoak zenbatuko dituzte eta ondoren hautetsontzietakoak. Egun osoko zeregin hori betetzearren, 65 euroko ordainsaria jasoko dute.  Atzoko kasuan, 08:00etatik 22:00ak arte jardun zuten lanean kiroldegian.