Hauteskunde eguneko hainbat anekdota

Ubane Madera 2019ko api. 29a, 10:48

Hauteskunde mahaietako bat.

Gaizki-ulertzeak edo ezjakintasunak tarteko, izan ziren hainbat anekdota atzoko egunean hainbat hauteskunde mahaitan. Izan zen mahaiz erratu zenik; izan zen Kongresurako hauteskundeak zirela ez zekienik, eta izan zen ere 20:30ean agertu zenik, botoa eman nahian.

09:00etatik 22:00ak ingurura arte jardun zuten atzo lanean Soraluzeko hauteskunde barrutiari dagozkion bost mahaietan izan ziren herritarrak. Eta egunaren zatirik handiena normal joan bazitzaien ere, izan ziren anekdotak eta gaizki-ulertzeak hauteskunde-eguna bukatu baino lehen, hainbaten eguna motzago egiten lagundu zutenak.

Kongresuaren berririk ez

Anekdota bat: “Gazte kuadrilla bat etorri zen 19:00ak inguruan, lehen aldiz botoa ematera. Eta gazteetako bat, Senaturako botoa hartu, eta horrekin bakarrik etorri zen mahaira. Esan nionean Kongresurako ere bozka zezakeela, aaaaahhhhh erantzun eta atzera ere joan zen boto bila. Hala ere, zeuden botoen artetik edozein aukeratu zuen, begiratu barik; eta bazetorren berriro ere botoa ematera, botoa gutun-azalean sartu barik. Orduan, laguntzera joan nintzen eta esplikatu nion alderdi bat baino gehiago zegoela aukeran eta botoa gutun-azalean sartu behar zuela. Berriro ere aaaaahhhhhh esan zidan, eta orduan bai, orduantxe aukeratu zuen gustuko botoa gazteak, kuadrillako lagunen barre algaren artean”, kontatu du mahaietako bateko presidenteak.

Senatua eta ordua, ezezagun

Beste anekdota bat: “Mahaietan zenbaketa egiten zeuden bitartean, 20:30ak aldera, han azaldu ziren pare bat gazte galdezka: Oraindik eman daiteke botoa?”. Ingurukoek sinistu ezinda begiratu zieten, eta batek esan zuen: “A ze poztasuna duten batzuek!”.

Azken anekdota: “Kongresurako botoa bakarrik eman zuela ikusita, herritarrari galdetu nion: Eta ez duzu Senaturako bozkatuko?. Eeeeehhhhhhhh? haren erantzuna. Bai, Senaturako ere eman dezakezu botoa, nahi baduzu, esplikatu nion. Eta orduan berak: aaaahhhhh, ba ez oraingoz ez. Orduan esplikatu behar izan nion edo orduantxe ematen zituela bi botoak edo ezin izango zela atzera ere bueltatu geroxeago. Eta erabaki zuen nahikoa zuela Kongresura botatzearekin”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.