Soraluzeko lehen hiru indarrak pozik emaitzekin

Ubane Madera 2019ko api. 28a, 22:47
Taula konparatiboa.

Parte-hartzea handitu izanarekin (%72,88koa izan da) eta boto gehiago eskuratu izanarekin pozik azaldu dira Soraluzeko lehen hiru indarrak. EHBilduren eta EAJren artean apenas 30 botoko aldea egon da. Bi alderdietako ordezkariak “oso pozik” daude emaitzekin. PSE-EE, berriz, “poztu” egin da Soraluzen eskumak ez duelako oso erantzun zabalik eskuratu.

Hona hemen alderdietako ordezkariek egindako balorazioak:

Hiart Arluziaga (EHBildu): “Oso ondo baloratzen ditugu emaitzak. Portzentajeetan igo egin dugu eta boto kopuruan ere bai. Plazentzian lehen indarra gara, beraz, oso pozik gaude”.

Iker Aldazabal (EAJ): “Oso pozik gaude, ze partaidetza igo egin da, eta hori datu inportantea da eta poztekoa. Emaitzei dagokienez, orain dela lau urte Euzko Alderdi Jeltzaleak 472 boto lortu dituen eta oraingoan 610, beraz, alde horretatik ere pozik. Eta emaitza orokorrak jakiteke, baina, EAEn 6 diputatu ematen dizkiote EAJri. Bai diputatu aldetik zein boto aldetik igoera izan dugu, beraz, balorazio positiboa egiten dugu”.

Patricia Borinaga (PSE-EE): “Udalerri mailan hirugarren indarra izatea pozgarria da, are gehiago jokoan zer dagoen kontuan hartuta. Poztu egiten gara eskumako alderdiek ez dutelako oso erantzun zabalik eskuratu Soraluzen, eta zentzu horretan, kezka eragiten digu ere VOX moduko indar batek 23 boto lortzea. Guri dagokigunez, poztu egiten gaitu baita ere alderdi ez nazionalisten artean PSE-EE lehen indarra izateak”.