Sora txapeldun!

Ubane Madera 2019ko api. 28a, 19:39

Sorako Futbol Eskolako 2008ko taldea.

Karabiganeko Torneoan (Berango, Bizkaia) txapeldun izendatu zen atzo, zapatua, Sorako Futbol Eskolako 2008ko taldea. Atzo hasi eta bukatu zen Bizkaiko torneo hori, eta Sorakoek lau partidu jokatu zituzten, etxekoei eurei ere irabaziz. Finalean zirrara handiarekin lortu zuten garaipena, azken minutuetan.

Pozik, oso pozik zeuden atzo Sorako Futbol Eskolako neska-mutikoak eta futbol eskolako arduradunak: Karabiganeko Torneora bertaratu ziren goizean gonbidatu modura, eta txapeldun izendatuta bueltatu ziren arratsaldean etxera.



Poza are handiagoa izan zen, gogor borrokatu behar izan zuten-eta finalerako bidea, Peñako, Erandioko eta Karabiganeko futbol taldeen kontra jokatuz. Finala bera ere zirraraz betetakoa izan zen, berau bukatzeko azken 3-4 minutu besterik ez zirenean falta sartu zuten eta garaipenaren gola.



Eta gainera, iaz, Karabiganeko finala galdu ondoren geratu zitzaien zapore gazi-gozoa erabat gozatzea lortu zuten atzoko garaipenarekin.

Sorako Futbol Eskolako 2010ekoek eta 2007koek ere jokatu dituzte partiduak gonbidatu modura oraingo asteburuan, Pasaian eta Karabiganen, hurrenez hurren. Bi talde¡ horiek, baina, ez dute lortu aurrera egiterik.

Kontuak kontu, aurtengo denboraldiko torneoen lehena izan dute futbol eskolakoek oraingo asteburukoa. Ekainean Errioxara joateko gonbita badute dagoeneko 2008ko, 2009ko eta 2010eko taldeek; eta horrez aparte, 2010ekoek Ermuan eta Antiguon (Donostia) ere izango dituzte hitzorduak: “Gabonetako torneoak antolatzen hasi ginenetik jasotzen ditugu gonbidapenak”, esplikatu dute futbol eskolatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.