Zabaldu dituzte Urban Trailerako eta Andainarako izen-emateak

Ubane Madera 2019ko api. 18a, 09:17

Korrikalariak irteera puntuan, iazko Urban Trail kirol proban.

Aurten maiatzaren 19an egingo dituzte Urban Traila eta Andaina herrikoia. Eta herenegun, apirilaren 16an, zabaldu zuten bi probetarako izen-ematea, kirolprobak.com helbidean. Zazpi euro da Urban Trail lasterketarako izen-ematea (egunean bertan 14 euro) eta lau euro da Andainarako izen-ematea. Bi kirol probek ibilbide berriak izango dituzte.

Urrian barik, eta herriko obrak aintzat hartuta, Alejandro Rodriguez Herri Krosaren eta Urban Trailaren datak elkartrukatu eta maiatzaren 19an egingo da aurten Urban Trail lasterketa, Soraluze, Mugituz! topagunearen eskutik.  

09:30ean abiatuko dira korrikalariak 11,5 kilometroko ibilbideari aurre egiteko. Urban Traileko lasterketa luzea izango da hori, eta asko jota 180 kirolarik parte hartu ahalko dute 750 eskailera baino gehiago gainditzea helburu duen kirol proban.

Ibilbidea alderantziz

Hori bai, aldaketa izango du aurtengo Urban Trailaren ibilbideak. Jokin Martinezek, antolatzaileetako batek esplikatutakoaren arabera, igoera berberak izango ditu, baina haien ordena aldatuta. “Iaz, hasieran herrigunean egin ziren lehen bost igoerak, eta azken biak Ola-Txurruken inguruan. Aurten, berriz, zirkulazio afekzioa kontuan hartuta, hura murrizteko, alderantziz izango da”.

Puntu berriak

11:00etan abiatuko da, berriz, Andaina herrikoia. 5,8 kilometroko ibilbidea izango du lasterketa ez lehiakorrak, eta kasu horretan ere aldatu egingo dute ibilbidea, erakargarriagoa izateko oinez egiten dutenendako, herriko puntu gehiago ukitzen. “Urban Trailaren ibilbide bera izan beharrean bukle eran, gabiltza aztertzen Andaina herrikoia apur bat irekiagoa izatea, denbora guztian toki berdinetik pasatzeke”.