Andre Mari Zuriaren plazan, Maialen Lujanbio bertsolariak helarazi du aurten lekukoak bere barrenean sekretupean gorde eta eraman duen mezua.
“Euskara gaur egun arte,
ta Gasteizaino KORRIKA
ekarri dugunoi, biba
gora, eutsi, goza, Klika.
KLIKA! Hizkuntza ez da edukitzekoa.
Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika
Beraz, KLIKA!
instalatu eta elika!
Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa.
Euskarak behar du herri honen Sistema Eragitean.
Memoriak handiko lur honen
hizkuntza beti eguneratua,
eta software librekoa.
Euskara, bestelakoa baita…
Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa.
Bestelakoa eta besteak bezalakoa.
Baina besteekiko badu alde bat:
euskarak dena du aurka;
eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!
Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke.
Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna.
Hala ere, Korrika egiten dugu.
Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek…
korrika gabiltzala.
Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte
hainbestetan oinez gabiltzanean?
Ikusiko da… ea euskara
arreta osoan gaur den
bihar herri, etzi laurden
ta laster berriz al gauden,
azkentasunetan aurre.
Korrika egiten dugu,
lehenetik eta gerorantz.
Korrika egiten dugu,
Euskal Herria eta elkar ezagutzeko.
Korrika egin,
munduari gure oinekin eragiteko.
Egin, eragiteko.
Eragin, eginarazteko.
Norbanakoak egin.
Herri mugimenduek eragin.
Erakundeek eginarazi.
Egin, eragin, eginarazi.
Aukerak eskaini eta euskara eskatu.
datozenei ere eman euskaran ostatu
eta eskertu
eta ospatu.
Gu elkartzen gaitu zer ospatuak.
Gu, eta Gu honek baitako Gu-ak.
Umeak, gazteak, helduak, zahartuak…
Ahoskera berri eta zarratuak.
Zuek eta haiek,
zakurrak katuak…
Sardeak, mantalak, gigak eta datuak.
Azalak, ahotsak…
Sei kontinenteetan sakabantuak,
Sei kontinenteetatik guganatuak.
Arnasgunekoak, oxigenatuak.
Erribera idortu ta mahats zanpatuak…
elebesteratuak.
eta neskenegunak eta zapatuak.
Euskaraz sortuak
eta euskaratuak.
Mundu bat euskarak,
mende erdia Euskara batuak,
eta ehunka milaka bizitza eta gogo
EUSKARA BATUAK.