“Orain lau urte baino gozoago eta interesanteago gatoz”

Ubane Madera 2019ko api. 13a, 12:57

Zortzi emakumez eta sei gizonez osatutako zerrenda aurkeztu zuen atzo Soraluzeko EHBilduk Udal hauteskundeetarako. Unai Larreategi “itsasontziaren patroi” dutela, “Udal politika egiteko jarduna eraldatzera” datozela iragarri zuten, “Soraluzek astinaldia” behar duelako.

Zea Maysen Negua joan da ta kantuaren letrak metafora bailiran erabilita, kantua zatika interpretatuta, halaxe aurkeztu zituen Lorea de Castro EHBilduko zinegotziak Udal hauteskundeetarako zerrenda-kide dituen hautagaiak.

Esplikatu zuen kantuak dioen moduan, “Soraluzen ere negua bukatu” dela: “Luzea izan da, baina indartuta gatoz, ertzak borobiltzeko prest”. Eta iragarri zuen parte-hartzea, kolektiboan lan egitea eta herriari hitza ematea izango dituztela, besteak beste, “bidaide”.

Aurkezpenak eta asmoak

Zerrendako kideen artetik, zortzi dira emakumeak eta sei gizonak. Negua joan da ta kantuen estrofei erantzunda aurkeztu zituen nork bere burua eta asmoak.

Ana Maiztegi (59 urte, irakaslea, hezkuntza esparruan eskarmentu luzea duena). Hartutako konpromisoak eragiten zion beldurra aitortu zuen: “Ezin ukatu beldur guztiak azalean ditudala inoiz antzeztu ez dudan obra honetan”; eta segidan irizpide nagusiak partekatu zituen, aurretik ipinita bere ustez udal kudeaketak parte-hartzean oinarritu behar duela, lidergo sendo batekin: “Parte-hartzeak taldea dakar, eta taldeak proiektua, eta proiektuak herria eta herriak ilusioa”.

Martin Azkarate (Gizarte Hezkuntzan graduduna, adinez txikikoen zentro batean lanean dihardu, herrigintzan bide luzea egindakoa). Plazaren sinbolismoa baliatu zuen hark: “Plaza da jolasten ezagutu dugun lekua (…) udalekuetan, adibidez, umeek plaza hartzen dute; aldarrikapenak egiteko ere plazan elkartzen gara (…). Plaza Udaletxera eramatea lortuko du EHBilduk. Bozgorailu izango da, umiltasunez, eta udaletxeko ateak eta balkoiak zabaltzea lortuko dugu”.

Roke Akizu beteranoak, berriz, (53 urte, Goi Mailako Mendi Ingeniaria eta irakaslea) laugarren legealdia izango du udal ordezkari. Hark azpimarratu zuen “udan uzta ona jasotzeko neguan ortua ondo prestatu” behar dela, eta halaxe egin duela EHBilduk: “Lurra ondo garbitu dugu, ondo jorratu, ondo landu eta seguru nago uzta ona jasoko dugula. Seguru nago irabaztera goazela”.

Maite Quintanilla (30 urte, hezkuntza irakaslea eta kultura antropologian lizentziaduna, herrigintzan eskarmentu handikoa). “Zentzumen guztiak” baliatuta, “proiektu kolektiboari eta inklusiboari lekua” egingo diotela adierazi zuen, “denon beharrak aseko dituen proiektuari”. Eta gaineratu zuen hori bakarrik izango dela posible “benetako parte-hartzearekin”.

Jone Alberdi (44 urte, diseinu industriala, kalitate kontrolean lanean eta kirolzale amorratua). Bizitzan tokatu zaizkion ertzak taldekide dituenen laguntzarekin borobiltzea lortu duela azpimarratuta, “zuek zarete izpi lasaigarriak”, esan zuen, eta gaineratu zuen “gure herriko ertzak zuen ondoan desagertuko dira (…) “Egonkortasunez, ilusioz eta borobilean lan egiteko gogoz” datorrela.

Gainontzekoak eta "patroia"

Azkenik, “itsasontziaren patroi” modura aurkeztu zuten Unai Larreategi alkategaiak berba egin zuen. Lehenengo, baina, bestelako taldekideak aurkeztu zituen hark: Jose Luis Arizaga Txipi, Marifran Aizpuru, Aitor Barrutia Aldazabal, Txaro Lete Lakuesta, Kris Jacas, Iker Uzin Larrañaga, Hiart Arluziaga, Martin Azkarate eta Lorea de Castro.

Seguru berba egin zuen lau urteotan oposizioko bozeramale izan den Larreategik, lau urteotako ibilbideak emandako “aberastasunak” ongarrituta datozela azpimarratu zuen hark: “Lau urte hauetan aukera izan dugu lurra lantzeko; gauzak hobeto egin eta proiektu interesgarriago batekin etortzeko. (…) Orain lau urte baino gozoago eta interesatuago gatoz (…) Bide desberdinak eskaintzera gatoz. Udal politika egiteko jarduna eraldatzera. Soraluzek astinaldia behar du. Herritarrak erdigunean ipiniko dituen aldaketa beharrezkoa du gure herriak (…) Anbizioz badakigu zer nahi dugun, talde bikaina dugu eta lortuko dugu Soraluze kolorez janztea”.

"EHBildu aukera"

Mitina bukatu aurretik, gainean ditugun Espainiako hauteskundeak ere izan zituen gogoan Larreategik. EHBildu koalizioa Kataluniako ERCrekin batera aurkeztu direla gogora ekarri zuen, eta, bestak beste, adierazi zuen “PP, Ciudadanos eta Vox ez egoteko eta PSOE, EAJ eta enparauak geldi ez egoteko,  EHBildu dela aukera: Espainian mugimendua eragin nahi badugu EHBildu aukera paregabea da”.