Soraluzek kantari egingo dio harrera 21. Korrikari. Plaentxia Kantuan ekimenak bat egin du Korrika Kulturalarekin eta saio berezia antolatu du bihar eguerdirako. Oraingoan, Pablo Arruabarrena soinujolearekin batera, Domentx Uzin musikariak ere parte hartuko du kantujiran.
Kantujira eguerdiko 12:30ean abiatuko da udaletxe paretik eta herriko kaleetan ibiliko da Korrika heltzen den arte. Antolakuntzak jakinarazitakoaren arabera, Korrika arratsaldeko 14:30ak aldera helduko da Soraluzera.
Lekukoa eroango duten taldeak
AEK jakinarazi du herrian Korrikaren lekukoa hartuko duten taldeen zerrenda:
Osintxuko muga: Soraluce S. Coop.
Inazibarko txabola parea: Sare eta AEK
Hirukurutzetako errotonda: Dantza taldea
Elektrika: Gure Esku Dago
Txurruken: Bizikale
Txurrukengo autobus markesina: Pelota taldea eta Mendi taldea
Olako zubiaren hasiera: Gaztetxea
Santa Anako aldapako semaforoa: Galtxagorriak
Benito Altzariak: Itxaropena
Txuritxu: EAJ-PNV
Udaletxea: Soraluzeko Udala
Txoko: EH Bildu
Guipuzcoano: Korner Morea
Gabolatseko zubia: Harrera
Ezozibideko parkea: Musika Eskola eta Ezoziko Ama Abesbatza
Elesa-Ganter: Keixeta eta Atxolin guraso elkarteak
Poligonoko zubia: LAB
Industrias Placencia: Sortu
Unamuno: Gipuzkoako Urak
Embalajes: Sora FT
Gabilondo: Pil-pilean
Bizikaleren bonoak
Bizikaleko merkatariek ere bat egin dute Korrikarekin eta 25 euroko lau bono zozketatuko dituzte bihar. Goizean zehar Bizikaleren dendetan zerbait erosten duenak papertxo bat jasoko du eta norbere datuak sartuta, papertxoa Plaza Berrian jarriko duten kutxan bota ahalko du, zozketan parte hartzeko. Zozketa bera, 13:30ean egingo dute, Plaza Berrian.
Korrikaren kantu guztiak megafoniatik
Bihar goizean, Korrikaren 21 edizioetako kantuak entzuko dira herri osoan. Korrika Batzordeak kantuen audioak prestatu ditu eta Udalak faroletako bozgorailuetatik emitituko ditu herria girotzeko.