EHBilduren zerrenda argitzen

Ubane Madera 2019ko api. 12a, 09:43
EHBilduren zerrenda osatuko duten lehen hautagaiak.

Gaur, barikua, 19:00etan jakinaraziko du Soraluzeko EH Bilduk Udal hauteskundeetara aurkeztuko duen herritar taldea zein den, Plaza Berriko ekitaldian. Edozelan ere, aurreratu dute zerrendako aurrenengo postuetan zeintzuk izango diren: Unai Larreategi, Ana Maiztegi, Maite Quintanilla, Roke Akizu eta Jone Alberdi, ordena horretan.

Ezusteko handirik ezean, bada, sarreran aipatutako bost lagunak zinegotzi izango dira 2019-2022 agintaldian. Izan ere, eta azken Udal hauteskundeetako datuen arabera, Soraluzeko indar nagusia da EHBildu koalizioa. 2015ean botoen %45,11 eskuratu zituen ezkerreko koalizioak, eta 5 zinegotzirekin sartu zen udalbatzarrean.

Unamunok eta Arribillagak laga

Unai Larreategirekin, Ana Maiztegirekin, Maite Quintanillarekin, Roke Akizurekin eta Jone Alberdirekin batera, zerrenda osatuko du, besteak beste, Lorea de Castrok, azken agintaldian zinegotzi izan denak. Eta oraindik orain zinegotzi diren Ainhoa Unamunok eta Xabier Arribillagak, berriz, laga egingo diote ordezkaritzari.