'Patria'-k eta Ezozibideko parkeak eztabaida eragin zuten osokoan

Ubane Madera 2019ko api. 11a, 13:46
Udal ordezkari politikoak atzoko udalbatzarrean.

Udal ordezkari politikoek langai izan zituzten 11 puntuko gai zerrendatik guztiek aurrera egin zuten atzo iluntzeko osoko bilkuran. Adostasuna, baina, ez zen erabatekoa izan. Patriaren grabazioek eta Ezozibideko parkea berritzeko asmoak oposizioaren kritikak eragin zituen.

Atzoko osoko bilkuraren amaieran, alkateak hitza hartu zuen Patriaren grabazioak direla eta ez direla, Udal Gobernua gai horrekin “ematen dabilen pausoen berri” emateko. “Zurrumurru asko zabaldu dira herrian eta erabateko gardentasunez nahi ditugu helarazi emandako pausoak”, esplikatu zuen Iker Aldazabalek. 

Alkateak, batetik, gogora ekarri zuen Errabal kaleko obrak arindu egin dituztela grabazioak egin ahal izateko. Eta hori posible egiteko beharrezkoak izan diren ordu estrak Pagoeta Media S.L. enpresak hartuko dituela bere gain, Patriako grabazioak egiten dabilen produktoreak, alegia: 29.700 euro.

Hitzarmena

Eta bestetik, jakinarazi zuen Soraluzeko Udala “hitzarmen tipoa” lantzen dabilela, “grabaketek suposatzen duten kalte / kezka / okupazio / altzaritegi… aldaketen kalte-ordainak negoziatzeko”.

Adibide modura, Aldazabalek esplikatu zuen “beste edozein herritarrek obra bat egiten duenean edukiontzia ipintzearren ordaindu behar duen moduan” telesailekoek ere ordaindu egingo dutela espazio publikoa erabiltzeagatik.

Gaineratu zuen oraindik “kostua zehaztu barik” dagoela, “eskaera berriak egiten” dituztelako eta horiek hitzarmenari gehitu egiten dizkiotelako. Hala ere, esan zuen behin guztia likidatuta dagoenean, “zenbateko totala publikoki” jakinaraziko dutela, eta aurreratu zuen asmoa dela eskuratuko duten kopuru hori “zolatze, asfaltatu lanetara bideratzea, behar handia dago-eta herrian”.

Obra atzeratu

Unai Larreategik, berriz, oposizioaren izenean azpimarratu zuen Errabaleko obren zati bat dela arindu dutena, “baina bideak itxita segitzen du, beraz, atzeratu egingo da obren amaiera”.

Horrekin batera, adierazi zuen herriaren okupazioa dela gauza bat eta bestea dela Patriako grabaketek eragiten dabiltzan buruhausteak: “Langileak (udaltzainak, aparejadoreak…) zoratuta dabiltza. Okupazioarengatik ordaina eskatzeaz aparte, grabazioetara dedikatzen dituzten orduak zela konpentsatu ere begiratu beharko litzateke, adibidez. Subjektiboa da kalkulu hori egitea, baina detalle bat izango litzateke”, esan zuen.

Alkateak erantzun zion, besteak beste, lantzen dabiltzan hitzarmena ez dagoela itxita.

Ezozibideko parkea

Udalbatzarreko eztabaidarik handiena, baina, Ezozibideko parkea berritzeko proiektuak eragin zuen. Izan ere, Soraluzeko Udalak erabaki du obrarekin aurrera egitea, Estazioko parkea berritzeko egin zen prozesu parte-hartzaile bera egin ez arren.

Bada, hori horrela egitea hauteskunde interesengatik dela aurpegiratu zion oposizioak Udal Gobernuari.

Oro har, oposiziotik adierazi zuten “kezkatuta” daudela, azken asteotan ez ote dabiltzan Udalean gaiak onartzeko “azeleragailua” zapaltzen, “hauteskundeen gertutasunak eraginda”. “Sentsazioa dugu agintaldi amaierari dagozkion pingoak ixten ibili barik, lan piloa abiarazten zabiltzatela”. Eta Larreategik, adibide modura, Ezozibideko parkea berritzeko proiektua ipini zuen, hori egingo delako, oposizioaren esanetan, prozesu parte-hartzaile barik.

Alkateak erantzun zion orain ixten dabiltzan gai asko “tramite hutsak” direla.

«Gurasoen presioa»

Eta Ezozibideko parkeari buruz erantzun zion eurak gobernuan izan zirenean (2003-2007) parke guztiak berritu zituztela eta atzera ere gobernuan sartu direnean aurkitu dutela Ezozibideko parkea “erabat destrozatuta”. 


Eta parkea berritzeko asmoarekin aurrera egin dutela, batik bat, gurasoen presioarengatik: “Gurasoen presioa handitzen joan da: umeari zerbait gertatzen bazaio zeu zara erantzule, esaten didate. Beraz, 40.000 euroko aurrekontua izanda, parkea berritzeko obra bizkortu egingo da, segurtasuna bermatzeko. Segurtasuna herri partaidetzaren aurretik dago”, adierazi zuen.

Ildo beretik, Patricia Borinaga zinegotziak erantzun zuen Estazioko parkean egindako parte-hartze prozesuko emaitzak aplikagarriak direla Ezozibideko parkean, “konklusio orokorrak” atera zirelako orduko hartan.

Beraz, Estazioko parkearekin egin zen moduko prozesu parte-hartzaile luze baten beharrik ikusten ez duela esan zuen Borinagak, eta hauteskunde promesa bat betetzeko aukera ikusita, nahiago izan duela aurrera egin ezer egin barik geratzea baino. Eta gaineratu zuen parkea berritzeko erdibideko prozesu parte-hartzailea abiaraztea hauteskundeengatik erabakitakoa izango balitz, erabakia “lehenago” hartuko zutela.

«Hezkuntza proiektua salto»

Lorea de Castro zinegotziak Borinagari gogora ekarri zion azken bi batzordeak ez dituztela egin ere egin, eta parkea prozesu parte-hartzaile barik berritzen badute, “Hezkuntza Proiektuaren irizpideen gainetik salto” egiten dabiltzala. “Zergatik ez duzue Hezkuntza Proiektua bertan behera utzi duzuela esaten eta kito?”.

Eta Unai Larreategik gaineratu zuen segurtasuna bermatzeko ez dagoela parkea berritu beharrik, aski dela apurtuta dauden aparailuak kentzea. “Irailean argazki eta guzti erakutsi genuen zaburu haien egoera zein zen. Zortzi hilabete eta gero, apurtutakoek apurtuta segitzen dute”.