Kiroldegiak solairu berria izango du “urte amaierarako edo hasierarako”

Ubane Madera 2019ko api. 11a, 10:58
Kiroldegiko terrazaren gaineko aldean egokituko dute solairu berria.

Atzoko udalbatzarrean onartutako gaien artean, onespena eman zioten kiroldegiari solairu bat gehitzeko proiektuari, EHBilduren abstentzioarekin. “Ondo bidean urte bukaeran edo hurrengo urtearen hasierarako proiektua gauzatuta” izango da, alkatearen esanetan. Oposizioa, berriz, “prozesutik kanpo” sentitu da. 

Onartutako proiektuaren arabera, kiroldegiaren terraza txikia estali eta bertan irabaziko duten espazioan gimnasio berria egokituko dute (kiroldegiko beheko solairukoa bertara eramateko), spinningerako gela, erabilera anitzeko aretoa eta komunak.

“Gimnasioa klimatizatuta” egongo dela azpimarratu zuen, besteak beste, Ramon Gallastegi zinegotziak, hain justu, gaur egungo gimnasioan dagoen kondentsazio eta hezetasun arazorik ez errepikatzeko.

"Pozteko momentua"

568.000 euroko aurrekontua du proiektuak eta 250.000 euro eskuratuko ditu Udalak Diputaziorengandik, laguntza zuzen modura. Behin obra hasita, sei hilabetean bukatzea dago aurreikusita. Eta atzo proiektuari onespena eman ondoren, berehala abiaraziko dute adjudikazio prozesua.

Hain zuzen, 15 eguneko epea emango diete enpresei proposamenak aurkezteko. Beraz, Iker Aldazabal alkateak esan zuen moduan, “ondo bidean, urte bukaeran edo hurrengo urtearen hasierarako proiektua gauzatuta” izango da.

“Pozteko momentua da”, azpimarratu zuen alkateak proiektua gauzatuko delako eta herritarrendako eskuratuko den espazio berria esanguratsua delako. Nabarmendu zuen, gainera, “Udal Gobernuaren gestioei esker” lortu dela 250.000 euroko dirulaguntza Diputazioarengandik.

Epe motzegia

Oposizioan dagoen EHBilduk, berriz, bestelako ikuspuntua du gaiarekiko. Kiroldegian solairu berria irabaztea “herriarendako aukera” moduan ikusten dutelako abstenitu ziren bozketan. Baina Unai Larreategi bozeramaleak gaineratu zuen “hutsunea” sentitu dutela kiroldegian sortuko diren espazio berriak zertarako erabiliko diren erabakitzen parte hartu ez izanagatik.

Eta besteak beste, enpresen proposamenak jasotzeko 15 eguneko epea motzegia iruditu zitzaien “600.000 euroko proiektua adjudikatzeko”. “Obra potentea da, komeni zaigu ahalik eta jende gehien aurkeztea bertara. Kontuan hartuta orain Aste Santua datorrela, gainera, enpresendako denbora gutxiegi da”, esan zuen Larreategik.

Udal Gobernuaren izenean, berriz, besteak beste, Ramon Gallastegik erantzun zion esanez espazio berrien erabilera erabakitzeko ez dela prozesurik egon, kultura eta kirol teknikariek erabaki dutela ze premia dauden herrian asetzeko. Iker Aldazabal alkateak, berriz, erantzun zuen urte amaierarako edo hasierarako proiektua gauzatuta egon dadin, adjudikazio prozesua berehala abiarazi beharra dagoela.