Korrika Txikia eta jolasak, bihar, eguena

Ubane Madera 2019ko api. 10a, 11:25

Korrika Txikia orain dela bi urte, Plaza Zaharretik.

Bihar egingo dute Plaentxia Herri Ikastetxeko neska-mutikoek Korrika Txikia, baina ez iragarritako moduan, baizik eta “euriaren iragarpenarengatik”, 4. 5. eta 6. mailakoek bakarrik egingo dute Korrika. Kukumixo Aisialdi Elkarteak, hori bai, jolasak eta tailerrak egingo ditu aurreikusitako moduan, 16:30etik 18:30era kiroldegian.

Bihar, 16:00etan hasiko dira Korrika Txikiaren bueltako ekitaldiak Plaentxi Herri Ikastetxean. 16:00etatik-16:15ak bitartean manifestua irakurriko dute eskolan bertan, barrura begira, eta eskolatik irtetean gurasoen aurrean ere gauza bera egingo dute.

4., 5. eta 6. mailakoek, berriz, Korrika Txikia egingo dute, 16:00etan eskolatik abiatuta. Baina haiek ere ez dute egingo ohiko ibilbidea: udaletxeraino normal joango dira eta handik zuzenean kiroldegira. Amaieran, asmoa da manifestua kiroldegian ere irakurtzea.

Kiroldegian jolasak

Behin kiroldegian jolasak, aurpegi pintaketak, malabarrak eta beste egiteko aukera izango dute Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek, Kukumixo Aisialdi Elkarteko begiraleen eskutik. Aurpegia margotzeko, malabarrak egiten jarduteko, txapak egiteko, mozorroak egiteko eta logoa marrazteko aukera eskainiko dute tailerren bitartez.

Korrika Txikian aldaketak egitea erabaki dute Plaentxi Herri Ikastetxetik “euriaren iragarpenarengatik”. Emandako azalpenen arabera, txikiak ez eramatea erabaki dute, “oso deserosoa” delako eta “4. 5. eta 6. mailakoek, berriz, autonomia handiagoa dutenez neurri baten” haiek Korrika egingo dutela erabaki dute.