Kiroldegia handitzeko proiektua, arrandegi berria eta beste, aztergai legealdiko azkeneko osoko bilkuran

Ubane Madera 2019ko api. 9a, 12:15

Kiroldegiko terraza txikian egokituko dute solairu berria.

Bihar, eguaztena, legealdiko azkeneko osoko bilkura egin behar du udalbatzarrak. Eta aztergai izango dituen gaien artean, besteak beste, kiroldegia handitzeko proiektua mahai gainean izango du eta azoka plazan arrandegi berria zabaltzeko baimena emango du, ezustekorik ezean. 19:00etan hasiko da batzarra.

Joan den asteko Diputatuen Kontseiluak onespena eman zion Soraluzeko Udalari 250.000 euroko dirulaguntza emateari. Hain justu, diru hori erabiliko du Udal Gobernuak kiroldegia handitzeko, aurrekontu osoaren ia erdia jasoko du-eta laguntza zuzen modura Gipuzkoako Foru Aldundiarengandik.


Proiektua dagoeneko idatzita dago, Birgai arkitektura enpresak landu du, Xabier Rezabal Udal arkitektoaren eskutik. 568.000 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko exekuzio epea aurreikusita ditu obrak.  

Spinning gela eta beste

Obra horren bitartez egingo dena da kiroldegiaren terraza txikia tapatu eta bertan solairu berria egokitu, kirol azpiegituretara bideratzeko. Solairu berriak honako azpiegiturak izango ditu: terrazako atetik irten eta berehala pasilloa egokituko dute erdian, takilladun pasilloa. Eta alboetan, berriz, gimnasioa (ibaira begira), spinning gela (U aldera) eta erabilera anitzeko gela bana egokituko dituzte. Komunak ere ipiniko dituzte solairu berrian. “Guztia ondo isolatuta egongo da, eta argi asko izango dute areto berriek”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.


Handitze obrarekin 450 metro karratu irabaziko dituzte. Eta datorren astelehenean, apirilaren 15ean 13:00etan sinatuko du alkateak hitzarmen hori Denis Itxaso kirol diputatuarekin. Honen guztiaren berri emango du, hain justu, Udal Gobernuak biharko osoko bilkuran.

Arrandegia

Horrez aparte, langai izango dituzten 11 puntuen artean, azoka txikian arrandegia zabaltzeko eskaerari baiezkoa emango dio udalbatzarrak. Horrez aparte, Udal Gobernuak jakinaraziko du hitzarmen berria sinatuko duela Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin, eta hari esker 92.000 euro pasa eskuratuko dituela Soraluzeko Udalak ur-azpiegituren inbertsioetarako. Eta besteak beste, dirulaguntzei dagokien ordenantza orokorra aztergai izango dute.


19:00etan hasiko da udalbatzarra eta interesa duen edozein bertara daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.