Kirol elkarteak ere Korrikarekin bat

Ubane Madera 2019ko api. 8a, 10:19

Sorako eta Anaitasunako jokalariak Korrikaren pankartarekin, Ezoziko futbol zelaian.

Gaur, astelehena, Gipuzkoan sartuko da Korrika lehen aldiz. 925 kilometro egin ditu orain arte, eta 1.637 kilometro ditu aurrez aurre. Bien bitartean, eta Soraluzetik pasatu baino lehen, udalerrian bat egin dute euskararen aldeko lasterketarekin bertako kirol elkarte nagusiek: barikuan Soraluze Pilota Elkartekoek eta zapatuan Sorakoek.

Barikuan jokatutako pilota partiduen ondoren atera zuten argazkia frontoian Soraluze Pilota Elkarteko hainbat pilotarik, Korrikaren pankarta eskuetan zutela.



Sorak, berriz, zapatuan jokatu zuen partidua Anaitasuna taldearen kontra. Eta Ezoziko futbol zelaian atera zuten argazkia gorengo mailako bi taldeek elkarrekin.

Pilota emaitzak

Kirol jarduerei dagokienez, berriz, Soraluze Pilota Elkartekoek hiru partidu jokatu zituzten barikuan: bi Udaberriko txapelketakoak eta bat Debarroko txapelketakoa. Lehen biak galdu egin zituzten etxekoek. Debarroko txapelketari dagokionez, elkarren kontra jokatu zuten Soraluzeko bikoteek eta 22-12 irabazi zuten Atxotegik eta Borinagak Balerdiren eta Gorka Santamariaren kontrako partidua.

Betalde, zapatuan eskolarteko infantil mailako finala jokatu zuten Donostian Soraluzeko ordezkariek antzuolarren kontra. Galdu egin zuten partidua, beraz, eskolarteko infantil mailako txapeldunordeak dira soraluzetarrak.

Sorak irabazi

Sorari dagokionez, berriz, gorengo mailako taldeak 4-2 irabazi zion Anaitasunari. Eta kadeteek ere talde bera izan zuten aurrez aurre eta haiek ere irabazi egin zioten, 0-2. Azkenik, infantil mailan galdu egin zuten etxekoek Hernaniren kontra, 2-5.

Hurrengo hitzorduei dagokienez, Sorako gorengo mailako taldeak Oñatin jokatuko du domekan, 16:30ean, Aloña Mendiren kontra. Eta kadete mailakoek ere domekan jokatuko dute etxean, Zarautzen kontra, 11:00etan.