Estreinaldiak batetik, finala bestetik, pilota-hitzorduz betetako egunak datoz

Ubane Madera 2019ko api. 4a, 15:15
Atxotegi eta Bolinaga partidu bat jokatzen, Euskal Ligan.

Bihar, barikua, Errendimendu Mailako Udaberri Txapelketako lehen partiduak jokatuko dituzte Soraluzen. Haren ondoren, Debarroko txapelketako nagusien mailako partiduak izango dira. Eta zapatuan, berriz, infantil mailakoek eskolarteko finala jokatuko dute Donostian.

Bihar, 19:00etan hasita, ondorengo bikoteek jardungo dute lehian: alebin mailan Eneko Felix eta Ane Fidalgo, Lazkaoko bikotearen kontra. Eta infantil mailan, Mikel Caramanzana eta Unai Moreno Urretxuko bikotearen kontra.

Errendimendu Mailako Udaberri Txapelketara, berriz, alebin mailako eta infantil mailako bikote bana aurkeztu dira Soraluzetik. Orain hasi eta maiatza-ekainera arte iraungo du txapelketak. Gipuzkoa mailakoa da eta ligaxka eran jokatuko dute. Ondo bidean, ekainera bitarte, hamabostero etxean jokatuko dute soraluzetarrek.

Soraluzetarren arteko derbia

Udaberriko txapelketakoen ondoren, Debarroko txapelketa hasiko da, nagusien mailan, hori ere Arane kiroldegian. Lehen partidua derbia jokatuko dute Soraluzeko ordezkariek, eta elkarren kontra lehiatuko dira: Atxotegi eta Ibai Bolinaga, Gorka Santamariaren eta Manex Balerdiren kontra.

Debarroko txapelketari dagokionez, Soraluzeko pilota elkartetik nagusien mailan izango dute ordezkaritza. Bihar hasiko da lehia eta finala ekainaren 22an jokatuko da Oñatin.

Txapelaren bila doaz soraluzetarrak, eurena izan da-eta, azken bost txapelketatan: “Ea finalera heltzen garen eta ea txapela lortzen dugun. Bi bikote nahiko sendo aterako ditugu eta ea posible dugun bietako batek txapela irabaztea. Azken bost urteotan guk irabazi dugu”, dio Aitor Atxotegi pilotariak.

Finala antzuolarren kontra

Asteburuko pilota hitzorduekin bukatzeko, zapatuan, infantil mailako eskolartekoek jokatuko dute partidua, eta ez edonolakoa gainera. Izan ere, Unax Sudupek, David Palacinek eta Unai Rodriguezek Gipuzkoako Eskolarteko Finala izango dute aurrez aurre, Donostian, Loiola auzoko frontoian, Antzuolako bikotearen kontra.

Azken txapelketa hori urrian hasi zen. Gehienbat eskualdean jokatu dute. Soraluzetarrak bigarren sailkatu ziren, eta aurreko astean finalerdia eta oraingo astean finala jokatuko dute. “Azkenean bailarakoak izan dira onenak. Eta soraluzetarrek borrokatu egin beharko dute, besteak ere gogorrak dira eta ez dute erraz izango. Ea lortzen dugun maila ematea eta partidua aurrera eramatea”, dio pilotarien entrenatzailea ere baden Aitor Atxotegik.