Iker Aldazabal (EAJ): “Saihesbidean norabide bikoitza berreskuratuko dugu eta aparkaleku gune berriak egokituko ditugu udalerrian”

Ubane Madera 2019ko api. 4a, 10:40
Iker Aldazabalekin batera, Veronica Galarraga aurkeztu du EAJk esku-orrian.

Soraluzen lau urteotan egindako proiektu nagusiak nabarmentzen eta hurrengo agintaldirakoak iragartzen dituen esku-orria banatu du etxez etxe EAJ-PNVk. Haren arabera, besteak beste, atzera ere alkatetza eskuratuz gero, “saihesbidean norabide bikoitza berreskuratuko” dute eta “aparkaleku gune berriak egokituko” dituzte. Iker Aldazabal alkategaiaren ondoan joango den laguna zein den ere jakinarazi dute: Veronica Galarraga.

“Ekonomia indarberritzea, mugikortasunean eta aparkaleku gabezian hobekuntzak, Sologoen zentralaren aldeko apustua, kultura eta kirol azpiegituren gaurkotzea eta gune berriak sortzea, landa eremuak bultzatu eta Dolmenen Ibilbidea balioan jarri eta Soraluze arteko bidegorria bultzatu”; horiexek dira EAJ-PNVk Soraluzerako iragarri dituen asmo nagusiak 2019-2023 legealdiari begira.

Saihesbidea, bidegorria…

Xehetasunetan sartuta, besteak beste, iragartzen dute saihesbidean norabide bikoitza berreskuratuko dutela eta aparkaleku gune berriak egokituko dituztela udalerrian. Sologoen zentralaren, landa eremuen eta Dolmenen Ibilbidearen aldeko apustua ere berretsi dute jeltzaleek, eta besteak beste, “Debabarrena eta Debagoiena lotuko dituen bidegorri lotura gauzatzeko” Gipuzkoako Diputazioarekin “lanean” jarraituko dutela jakinarazi dute.

Etxez etxe banatu dituzte hori guztia iragartzen duten esku-orriak, aurre-kanpaina bete-betean sartuta gauden honetan. Esku-orrietan, etorkizunerako asmoak iragartzeaz batera, Iker Aldazabal alkategaiarekin batera, jeltzaleek Soraluzeko Udalerako aurkeztu duten bigarren izangaiaren berri ere ematen dute: Veronica Galarraga. Zerrenda osatuko duten gainontzeko hautagaiak, berriz, apirilaren amaiera aldera aurkeztuko dituela jakinarazi du Soraluzeko EAJk.

Eraikin industrialak, Gaztelekua…

Horrez aparte, atzera begiratua eginez, 2015-2019ko legealdiko sei proiektu nabarmendu dituzte esku-orrian: Hirukurutzetako biribilgunea; Gabolatseko eta Calongeko lanak; Pascual Churruca eta SAPA adibide modura hartuta, eraikin industrialen birmoldaketa; Gazteleleku berria eta ludotekaren egokitzapen lanak; frontoiko eraikinaren zaharberritzea eta kiroldegiaren anpliazioa.  

Eta horri guztiari laguntzen, EAJ-PNVk Gipuzkoarako dituen “Konpromiso” nagusien berri ere eman dute, Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaien aurkezpenarekin lagunduta.