Zela doa Korrikaren antolaketa?
Pasada bat da. Erantzuna bikaina izan da alde guztietatik. Korrika Batzordearen bi bileretara herriko taldeetako ordezkari mordoa etorri da eta Soraluzeri dagozkion sei kilometroak saldu dira. Horrekin batera, Korrika Lagun kanpainan ere diru mordoxka batu da; guztira, 3.000 euro baino gehiago. AEKren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet soraluzetarrei, eta bertako eragilea, merkatari eta udalari. Beste behin, plazentziatarrek sekulako babesa eman digute.
Zela joan da aurtengo matrikulazioa?
Taldea osatzeko ratioa zortzi ikaslekoa izaten da. Ni hemen nabilenetik 32 ikaslekoa izan da kopururik altuena, baina normalean 24-30 ikasleren bueltan ibiltzen gara. Iazko ikasturtean igoera txiki bat izan genuen eta aurte ere 34 ikasle dauzkagu. Beharbada, Euskaraldiaren kanpainak sortu du beste olatu moduko bat.
Zein da euskaltegira datozen ikasleen motibazio nagusia?
Orain, lehen baino pertsona gehiago dator lanerako agiria ateratzera, baina gehiengoaren motibazio nagusia berbera da: eguneroko harremanetan erabiltzea. Garai batean, eskaera handiagoa zegoen goi-mailako ziurtagiriak ateratzeko.
Orain, maila baxua duen ikasle gehiago dago?
Bai, oinarri-oinarrizko mailetan dago jenderik gehiena. Batzuk etortzen dira euskaltegian euskaraz ikasiko dutelakoan, baina guk bide bat irakasten diegu, eta, gero, eurak erabili behar dute eguneroko bizimoduan.
Zela ematen dute egunerokorako pauso hori?
Jenderik gehienarentzat zaila da, ze, kanpoan ez dute aukera asko izaten. Orain arte, euskaldunok ez dugu pazientzia askorik izan euskaraz ikasten dihardutenekin. Beharbada, Euskaraldiak lagunduko du ohitura horiek aldatzen eta aukerak ugarituko dira.
Horretarakoxe dago Berbalaguna egitasmoa ere, euskaltegian egin ezin duten mintzapraktika hori kalean egin ahal izateko aukera eskaintzeko.
Zela moldatzen dira batua eta euskalkiaren artean?
Euskaltegian gehien dakitenekin erabiltzen dugu euskalkia, baina behe mailakoekin zailagoa da. Bi erregistroen artean badago tentsio modu bat. Askotan galdetzen didate, “que quiere decir jata?”
Asko dira euskalduntze-prozesua azkeneraino garatzen dutenak?
Hasieran, ezer ez dakitenek aurrera egiten dute azkar, gutxieneko berba kopuru bat ikasita. Gero, krisi txiki bat etortzen zaie askori eta aldapa gora egin behar izaten dute. Hala ere, badira gutxi batzuk oso argi dutenak ikasketa prozesua zela burutu eta horiek oso denbora laburrean ikasten dute euskaraz. Denetik dago.
Zein da euskaltegiko irakasle izatearen alderik atseginena?
Gustuko lana da eta aukera ematen du jende asko ezagutzeko.
Eta neketsuena?
Beste edozein lanetan bezala, ordutegi bat eroan beharra.