Gaur (eguena) hasiko da Korrika

Egoitz Unamuno 2019ko api. 3a, 16:50

Soraluzetarrak lekukoa eramaten, 20. Korrikan.

Bihar, apirilaren 4an, 17:00etan abiatuko da 21. Korrika Garestik (Nafarroa) eta apirilaren 14an iritsiko da Gasteizera. 2.560 kilometrotan eramango dute lekukoa eskuz esku, eten barik, milaka eta milaka euskaltzalek.Txilardegi hizkuntzalari eta idazle ezaguna izango da aurtengo edizioan omendua eta leloa berriz, Klika da, eta euskara erabiltzera pasatzeko mentaliate aldaketari egiten dio erreferentzia.

Apirilaren 13an, azken aurreko egunean-, igaroko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia Soraluzetik. 14:30ak aldera sartuko da herrian Osintxutik eta herria erdi-erditik zeharkatu ostean -Santa Ana, Kalebarren, Gabolats, Ezozibidea, Mendiola- Eibar alderantz jarraituko du.

Lekukoa

Ibilbidean, ondorengo taldeen ordezkariek hartuko dute lekukoa: Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea, Gure Esku Dago, Ezoziko Ama abesbatza, Soraluce Coop., Mendi taldea, Pelota taldea, Urrats dantza taldea eta Euskal Jai Batzordea, Udala, EH Bildu, EAJ-PNV, LAB, Sare, Sortu, Itxaropena, Soraluze FT, Bizikale, Institutua, Ikastetxea, Keixeta eta Atxolin guraso elkarteak, Musika eskola, Gaztetxea, Galtxagorriak, Harrera eta Korner Morea.     

Ohikoa den moduan, AEK-k deituta, Korrika Batzordea eratu da herrian, herriko hainbat eragileren ordezkarirekin osatuta. Batzordeak otsailean egin zuen lehenengo bilera eta bere gain hartu zuen AEKrendako dirua batu eta Korrikaren bueltan kultur ekimenak antolatzeko ardura.

3.000 euro baino gehiago

Euskararekiko atxikimenduan eragitearekin batera, AEKren jarduna bermatzeko dirua biltzea da Korrikaren beste helburu naguesienetako bat. Izan ere, EAEn ez bezala, Nafarroan eta Iparraldean, dirulaguntza publikoak ez dira finantziazio gastuak estaltzeko bestekoak eta, ondorioz, AEK-k ezinbestekoa du herritarren diru-ekarpena Euskal Herri osoan eskolak ematen jarraitzeko.
Soraluzeko AEK-ko arduraduna, Iñaki Korta, gustura dago soraluzetarrek Korrikari eman dioten erantzunarekin. “Pasada bat da. Erantzuna bikaina izan da alde guztietatik. Korrika Batzordearen bi bileretara herriko taldeetako ordezkari mordoa etorri da eta Soraluzeri dagozkion sei kilometroak saldu dira. Horrekin batera, Korrika Lagun kanpainan ere diru mordoxka batu da; guztira, 3.000 euro baino gehiago. AEKren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet soraluzetarrei, eta bertako eragilea, merkatari eta udalari. Beste behin, sekulako babesa eman digute”.

Bestalde, AEK-tik jakinarazi dute, Korrikarako norbanakoendako petoak (numeratu gabeak) salgai daudela euskaltegian, 5 euroko prezioan.