Unai Moreno, Aiert Losada eta Mikel Caramanzana txapeldun

Ubane Madera 2019ko mar. 30a, 18:57

Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketako mendebaldeko finalak jokatu zituzten atzo Arane kiroldegian. Eta finalera iritsi zirenen artean, Unai Moreno eta Aiert Losada soraluzetarrek irabazi egin zuten zegokien partidua, herrikideen gozamenerako. Lazkaoko eta Azkoitiko bikoteek irabazi zituzten gainontzeko bi partiduak.

19:00etan hasi eta ia 21:00ak arte luzatu zen atzo, barikua, Soraluzen izandako pilota jaialdia. Izan ere, hiru final jokatu ziren kiroldegian, Errendimenduko Gipuzkoako Pilota Txapelketaren baitan, eskuz binakakoak: bigarren urteko alebin mailan, Lazkao-Lazkaoren kontra; infantil bigarren mailan Soraluze-Azpeitiaren kontra eta azkenik infantilen lehen mailan Azpeitiak-Azkoitiaren kontra.

Tanto biziak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek, pilotarien gurasoak gehienak. Eta zirrara sentitu zen, zela ez, soraluzetarren txanda iritsi zenean bereziki.

Hasieratik aurretik

Unai Moreno eta Aiert Losada aurretik jarri zitzaien azpeitiarrei hasieratik. Indartsu Moreno eta bizi Losada, tanto alde dezentekoa eskuratu zuten. Horrek konfiantza eman zien azpeitiarrak gertuan ipini zitzaizkienerako. Eta azkenean, atzera ere abiada hartu eta gailendu egin ziren soraluzetarrak, segundo eskas iraun zuen azken tantoan. Orduan bai poza, jokalarien eta ikusleen artean.

Gainera, Losadarekin eta Morenorekin batera, saridun izan zen baita Mikel Caramanzana debarra ere, izan ere, Soraluzeko Pilota Elkarteko hiru pilotariek lortu zuten finalera iristea, nahiz eta gero zozketa bidez erabaki zuten ze bikotek jokatu.

Hain justu, hiru finalak bukatzean banatu zizkieten sariak pilotari guztiei, Iker Aldazabal alkatearen eta Ramon Gallastegi zinegotziaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.