Soraluzetarrak finalean

Ubane Madera 2019ko mar. 29a, 08:30

Pilotan jokoan.

Gaur, barikua, Gipuzkoa Mendebaldeko Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Soraluzen,  errendimendu mailakoak, alebin eta infantil mailetan. Lehen aldiz ekarri dute final hori Soraluzera. 19:00etan hasiko dira pilota partiduak.

Gaur 19:00etan hasiko dira Gipuzkoa Mendebaldeko Pilota Txapelketako finalak, Arane kiroldegian. Lehen partidua jokatuko dute bigarren urteko alebinek; Lazkaoko bikote batek bestearen kontra, hain zuzen. Eta bigarren partidua jokatuko dute infantiletan, bigarren mailakoek: Aiert Losadak eta Unai Morenok, biak ala biak soraluzetarrak.

Hiru lehian

“Txapelketan ibili dira jokatzen Soraluzeko Pilota Elkarteko hiru pilotari, nahiz eta finala lehen aipatutako bi mutikoek jokatuko duten, zozketan horrela tokatu zelako. “Baina finalera ere iritsi da Soraluzeko Pilota Elkarteko Mikel Caramanzana (Deba) jokalaria”, esplikatu du Aitor Atxotegik, Soraluzeko Pilota Elkarteko arduradunak. Kontuak kontu, soraluzetarrek biharkoan Azpeitiko bikotea izango dute aurrez aurre.

Eta bihar jokatuko duten hirugarren eta azken partidua izango da infantiletan lehen mailakoa. Kasu horretan jokatuko du Azpeitiak Azkoitiaren kontra. Gauzak horrela, 20:30ak inguruan egingo dute sari banaketa.

Atxotegik esplikatu duenez, lehen aldiz ekarri dute Gipuzkoa Mendebaldeko Pilota Txapelketako finala Soraluzera, eta horrela egin dute soraluzetarrak finalera iritsita, bertako pilota elkartetik eskatu delako.

Nagusien mailan Debarrokoa

Bestalde, Atxotegik jakinarazi du martxoan bukatu berri den Euskal Ligari dagokionez, emaitzak ez direla izan pentsatzen zuten bezain onak, lesioek eraginda. “Irabazi genituen bi partidu, ezin izan ginen sailkatu, nahiz eta azken partiduak tarte gutxiarekin galdu”, adierazi du hark.

Kasua kasu, dagoeneko burua aurrera begira ipinita dute, izan ere, Aste Santu inguruan edo lehenago hasiko da Debarroko txapelketa, eta horra begira dabiltzala dio Atxotegik. Nagusien mailan jokatuko dute Soraluzeko bi bikotek Debarroko txapelketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.