Eneko Felix eta Brahin Sidi Mohamed txapeldun

Ubane Madera 2019ko mar. 18a, 12:53

Frontenisaren festa bilakatu zen atzo, domeka, Arane kiroldegiko frontoia, 09:00etatik ia 15:00ak arte jardun zuten-eta eten barik kirol horretan. Gogoz eta lagun arteko giroan ibili ziren 42 neska-mutikoak. Txapela, hori bai, jantzi zuten Eneko Felixek eta Brahin Sidi Mohamedek eta txapeldunorde izan ziren Yossra El Mendili eta Gorka Gallastegi. Atzokoan, baina, kirolzaletasuna izan zen batez ere irabazle.

Partidu motzak eta zirraragarriak jokatu zituzten atzo, domeka, Soraluze, Mugituz! topagunearen eskutik umeendako Soraluzen egindako lehen frontenis txapelketan.

Ligaxka eran antolatuta, eta bezperako helduen txapelketan modura, uneoro eta eten barik izan ziren frontenis partiduak Arane kiroldegian, eta eten bakoa izan zen ere gaztetxoen, gurasoen zein bestelako ikusleen joan-etorria bertara. Beraz, partaidetza aldetik, behintzat, erabateko arrakasta izan zuen ekimenak.

Guztiak saridun

Lehia estua izan zen jokalarien artean, eta finalera iristea lortu zuten Eneko Felixek eta Brahin Sidi Mohamedek eta Yossra El Mendilik eta Gorka Gallastegik. Azkenean, 12-8 eginda lehen bikotea gailendu zen eta zegokien txapela jantzi zuten. Txapeldunordeek ere eskuratu zuten garaikur berezia. Eta horrez aparte, jokalari guztiendako izan zen saria, izan ere, norbere izena zuen fronteniserako pilota bana jaso zuten opari txapelketan parte hartzearren.

(Argazkiak: Jon Agirre eta Ubane Madera).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.