Txapela Gaztela-Leonera

Ubane Madera 2019ko mar. 17a, 13:50

Nuria Medina (Valladolid) eta David Rodriguez (Leon) izan dira Soraluzeko II. Frontenis Txapelketa Mistoko txapeldunak. Finala Gaztela-Leongo bikoteen artean jokatu zuten, bikote bat baino gehiago etorri zen-eta Euskal Herriko mugetatik kanpo. Azpimarratzekoa da atzoko lehian jokalariek erakutsi zuten maila altua.

Hunkituta jantzi zuen txapela Nuria Medina frontenis jokalariak, ezagunak zituen Eloyri (Burgos) eta Myriami (Soria) lehia estuan partidua irabazi eta gero. Justu-justuan eutsi zien malkoei, 39 urteko jokalariak: “Zaldibarko nesken txapelketa galdu nuen orain dela 15 urte eta pena handia eman zidan egia esan, eta bat nahi nuen. Baina datorren urterako beste bat nahi dut!”, zioen.

Emakumezko txapelketen arduradun

Medinak sekulako zaletasuna du fronteniserako eta argi du datorren urtean ere etorriko dela Soraluzera. “Seguru etorriko garela. 9 urterekin hasi nintzen frontenisean jokatzen. Gaztela-Leongo federazioan nago eta emakumeen txapelketen arduraduna naiz. Urte osoko liga dugu eta hilean behin probintzia batean jokatzen dugu. Eta gero finala. Baina orain txapelketa mistoak egiten ere hasi gara. Lehen urtean batekin hasi ginen, gero birekin… eta horrela, ahalegin handia ipini dugu eta aurrera doa. Soraluzeko txapelketaren berri ez geneukan, baina jakin bezain laster etorri gara. Ze, guztietara joaten gara. Datorren astean Errioxara joango gara eta abenduan Aragoin egon ginen”.

Davidek -Nuriaren fronteniseko bikoteak-, erabateko konfiantza du Gaztela-Leonen frontenis txapelketaren bultzatzailea den Nuriarekiko. “Nik berak dioena egingo dut, eta berak dioen lekura joango naiz”.

Guztia zaletasun hutsagatik egiten dute biek ala biek. Entrenatzeko astirik ez eta txapelketak hasi arte ezin izaten dute elkarrekin entrenatu, eta atzo ere, irabazi arren, ez zuten jaso sari ekonomikorik. 

Bertako giroa eta jendea ezagutzearren 

Partidua 16:00etan zuten arren, goizeko 05:00etarako jaiki eta 09:15erako Soraluzen zeuden, bai eurak eta bai Gaztela-Leondik etorritako gehienak. “Nik eguna hemen pasatu nahi nuelako etorri gara horren goiz. Asko gustatzen zait hemengo giroa. Hemen egotearren, hemen jatearren, hemen meriendatzearren, hemengo jendea ezagutzearren… beharrezkoak diren kilometro guztiak egingo ditugu”, dio Medinak.

Maila altua

Txapelketari dagokionez, deigarria izan zen oso jokalariek erakutsi zuten maila altua. Euskal Herriko mugetatik kanpo etorritakoekin batera, lehian jardun zuten, jakina,inguruko bikoteek eta baita Soraluzekoek ere. Are gehiago, Jokin Martinezek eta June Silvak (Zaldibar) lortu zuten finalerdietara ailegatzea, nahiz eta gero finalera iritsi ez.

Partida ikusgarriak eta zapore ona utzi du bigarren urtez jokatu den Frontenis Txapelketa Mistoak. 09:00etan hasi eta 20:30ak arte ikusgai izan ziren partiduak, eta harmailetan uneoro izan ziren ikusleak.