Mugak gainditu ditu frontenis txapelketak

Ubane Madera 2019ko mar. 12a, 11:06
Iaz jokatu zen lehen aldiz frontenis txapelketa; argazkian jokalariak lehian.

Soraluzeko II. Frontenis Txapelketak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Zapatuan helduen txapelketa jokatuko dute 18 bikotek, eta domekan, berriz, 42 umek jokatuko dute estreineko umeendako txapelketa. Soraluze, Mugituz! topaguneak denboraldi honetan antolatuko duen lehen ekimena izango da. 

Ezustean harrapatu ditu Soraluzeko II. Frontenis Txapelketako antolatzaileak kirol hitzordu horrek izan duen erantzunak: zapatuko txapelketarako 16 bikoteko muga jarri arren (helduen mailan), azkenean, 18 bikotek jokatuko dute. 

Soraluzeko eta inguruko jokalariak izango dira: Urretxukoak, Zallakoak, Bergarakoak… Baita Burgostik eta Valladolidetik etorriko diren jokalariak ere. “Eta batzuk kanpoan geratu dira, jokatzeko gogoarekin, baina ez zegoen lekurik guztiendako”, adierazi dute antolaketatik.

Zapatuan 20:00etan, finala

Zapatuan, 09:00etatik 20:00ak arte jokatuko dituzte partiduak Arane kiroldegian. Taldeka banatuta, lehenengo, guztiek guztien kontra jokatuko dute, eta 17:00ak aldera hasiko dira azken faseko partiduak. Aurreikuspena da finala 20:00etan jokatzea eta beraz, 20:30ak aldera izatea sari-banaketa. Partiduak izango dira 22 tantotara, edo asko jota 20 minutukoak. 

Sariak, berriz, honakoak izango dira: txapela eta opariak lehenengoendako eta garaikurra eta opariak bigarrengoendako.

Domekan umeak

Domekan umeen txanda izango da. Aurten, proba moduraumeei ere eskaini nahi izan diete frontenisean jokatzeko aukera eta 42 neska-mutikok eman dute izena lehiaketarako: “Ez genuen horrelakorik espero, sorpresa izan da”, diote antolatzaileek.  

Umeen txapelketa helduenaren modukoa izango da. Taldeak antolatzen dabiltza, baina aurreikuspena da 21 bikoteek 09:00-14:00ak bitartean jokatuko dituztela partidu guztiak. 

Umeen kasuan, jokalari guztiak dira 5. eta 6. mailakoak, eta kasu batzuetan bikoteak ez dira mistoak izango. “Asmoa zen egitea denak nahastuta, baina azkenean zozketa bidez antolatu ditugu bikoteak. Hori bai, oso neska gutxi daude, eta neskarik ez dauden kasuetan mutilak mutilarekin ipini ditugu”, esplikatu du Ariznabarretak. Partiduak 12 tantotara izango dira.

Sariei dagokienez, lehen bikotearendako txapela izango da, bigarrenarendako garaikurra eta parte-hartzaile guztiendako opariak. Antolaketari eta jardunari dagokionez, berriz, sei bat lagun ibiliko dira zeregin horretan, jolasteaz aparte, epaile lanak ere egingo dituzte.

Gauzak horrela, asteburu erabat intentsua izango dute Soraluze, Mugituz! topaguneko kideek frontenisaren bueltan. 

Erlazionatuak

Frontenis txapelketaren promoa

Egoitz Unamuno 2019 mar 12 Soraluze