2018a urte intentsua izan da Pil-pileanendako: Kukumixo aisialdi taldeak 10 urte bete ditu, lehen Euskaraldia egin da, Plaentxia.eus-ek sekulako igoera izan du bisita kopuruan, etorkinendako harrera-plana jarri dugu martxan Udalarekin batera… Eta horiez gain, herrian beste hainbat ekimen garrantzitsu burutu ditugu.
Martxoaren 23ko batzarrean, errepasatuko dugu iaz sailez sail burutu genuen jarduna eta emango dugu 2019rako aurreikusi ditugun egitasmoen berri. Diru-kontuak ere gainbegiratuko ditugu, bai iazko balantzea eta baita aurtengo egokitu dugun aurrekontua ere.
Hori da batzarraren lehen zatian egingo duguna. Horren ostean, atsedenaldi bat egingo dugu, zeozertxo janez eta edanez. Ondoren, batzarraren bigarren partean, gogoeta egingo dugu euskaltzaleen mugimenduaren norabidearen inguruan. Horretarako, urtarrilean, Bilbon antolatu zen Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean topaketako ikusentzunezko bat ikusiko dugu, eta ikusi ostean, komentatu, labur-labur bada ere.
Batzarraren ostean, bazkaria
Aurten, batzarraren ostean bazkaria egingo dugu. Bazkaritara gelditu nahi baduzu, eman izena pilpilean@pilpilean.eus helbidera idatzita edo 688 613 698 zenbakira mezua bidalita.
Elkarteko bazkide zareten guztiok gonbidatuta zaudete batzarrean parte hartzera eta baita bazkide izan barik interesa duzuen herritar guztiok ere.
Egiteko gogoak batzen gaitu!
PIL-PILEAN EUSKALTZALEEN ELKARTEA