Lau lasterketatan podiumera igo da Ander de Luis

Ubane Madera 2019ko mar. 11a, 19:30
Ander de Luis podiumean, atzo, Talai Berriko lasterketan, Zarautzen.

Topera hasi du denboraldia Ander de Luis korrikalari soraluzetarrak: lau lasterketa egin ditu otsailaren 10az geroztik eta hirutan erdietsi du podiumeko eskailera gorengora igotzea: Aibarko lasterketan, Laudiokoan eta Talai Berrikoan. Zestoako lasterketan, berriz, bigarren egin zuen. “Asko entrenatu ondoren, emaitzak hor daude. Eta indartsu sentitzen naiz”, dio korrikalariak.

Atzo, domeka, Zarautzen eskuratu zuen azkeneko garaipena Ander de Luis soraluzetarrak, Talai Berri txakolindegiak antolatutako 7,2 kilometroko lasterketan. Manu Urbietaren eskultura eta De Luisek duen pisu adina Talai Berri txakolin botila ekarri zituen etxera, pozik lortutako emaitzarekin.

Izan ere, otsailaren 10ean hasi du denboraldia korrikalari soraluzetarrak eta orain arte egindako lau lasterketetan, lauretan igo da podiumera soraluzetarra: lehenengoan, Zestoakoan bigarren helmugaratu zen, “lasterketen erritmoa guztiz harrapatu barik oraindik”. Baina harrezkero egindako beste hiruretan irabazi egin du.  



Laudioko lasterketari dagokionez (bigarrena), 10 kilometroko ibilbidean helmugaratu zen lehena, eta Aibarko lasterketari dagokionez, 13 kilometroko ibilbideari egin behar izan zion aurre. “Asko entrenatu ondoren, emaitzak hor daude”, dio korrikalariak.

Soraluzekoa ipar

Baina horrez aparte, batez ere, “indartsu” sentitzen da soraluzetarra, “sentsazio onekin, eta gainera, bi aste jarraian orain arte niri irabazi didatenei irabazi egin diet”, jakinarazi du.

Denboraldia hasi berritan, Ander de Luisek argi du lasterketa motzak egiten segituko duela, jo-puntua Soraluzeko proban jarrita: “Azken helburua da Iñaki Ruiz lasterketa egitea, bestela asteburuz asteburu gozatzea dut helburu; argi dut Soraluzekoa ondo egin nahi dudala, nire herrikoa delako. Osterantzean, ez ditut lasterketak errepikatu nahi, nahi ditut desberdinak egin. Iaz 26 lasterketa egin nituen, eta bost inguru errepikatuko ditut”.

Bukatzeko, hori bai, ohi moduan, entrenatzaile duen Ramon Agirre goraipatu egin du: “Nire lorpenak bereak dira”.