Batzuk lagunekin, beste batzuk familiekin, kuadrillan… bertaratu ziren atzo, Donostiara, Lilatoian parte hartzera Soraluzetik. Argazkiak erakusten duen moduan, dagoeneko badira baita bi belaunaldi ere 5 kilometroko lasterketa horretan parte hartu zutenak. Izan ere, urteak daramatzate Soraluzetik Lilatoira joaten, badira batzuk zortzi urte daramatzatela parte hartzen.
Azken urteotan moduan, lasterketa hasi aurretik oroitzapenerako argazkia ateratzeko hitzordua egin zuten soraluzetarrek; ondoren, zunbarekin oinak berotu eta gero egin zuten korrika Lilatoian; majo ibili zirela kontatu dute.
"Hunkigarria"
“Oso ondo. Igartzen da urtetik urtera jende gehiago dagoela, ze lehen kilometroan ezin da korrikarik egin, ibili baizik. Hori bai, hainbeste jende dago inguruan txaloka eta animatzen, jendeak eraman egiten zaituela, oso hunkigarria da”, kontatu du Josune Casaresek, partaideetako batek.
Horren erakusle, korrikalari gehienak dutxarako bidean zirela, batukada taldekoak helmugan izan ziren, helmugaratu zen azkeneko emakumearen zain: “80 urteko emakumea zen, bere alabarekin, eta helmugara sartu aurretik haren iloba ere gehitu zitzaien Pasilloa egin zioten. Benetan hunkigarria izan zen”, dio Casaresek.
“Izan ere, adin guztietako emakumeei zuzendutako lasterketa da. Lehenengo helmugaratu zenak 17 minutuan bete zuen ibilbidea, eta azkenak, berriz, 58 minutuan, oinez egin zuelako guztia”, gaineratu du hark.