BIDEOA: Ixak KO teknikoz garaitu zuen aurkari georgiarra

Erredakzioa 2019ko mar. 10a, 18:00

Jendetza batu zen atzo gaueko boxeo jaialdia ikustera. Boxeolariek ikuskizun ederra eskaini zuten eta giroa behin baino gehiagotan lehertu zen harmailetan.  

Zapatu gaueko jaialdian sei borrokaldi jokatu zituzten guztira. Lehenengo borrokaldia hamasei urtetik beherako bi boxeolariren artekoa izan zen eta, bertan, Nora Bedialauneta getxoztarra gailendu zitzaion Aroa Garcia sevillarrari.

Gaueko bigarren borrokaldian Adur Odriozola plazentziatarrak egin zuen borrokan. Gogotik ahalegindu zen Shoja Abidaren aurka, baina eibartarra gehiago izan zen borrokaldi osoan zehar, eta azkenean epaileek bere aldeko epaia eman zuten. 

Oussama Hinaren txanda etorri zen gero. Beti bezela, zaleek pasio handiz animatu zuten Oussama eta honek borrokaldi ikusgarria eskaini zuen Jon Kintanilla urduliztarraren aurka. Zuen dena eman zuen plazentziatarrak eta, azkenean, garaipena eskuratu zuen.

Julen Gallastegi Oilarra atera zen ring-era gaueko laugarren borrokaldian. Gallastegik ez zuen arazorik izan Mario Sarmiento getxoztarra mendean hartzeko. Sekulako golpe zaparradak jaurti zizkion eta nagusitasun osoz gailendu zitzaion. 

Bosgarren eta azkenaurreko borrokaldia profesional mailakoa izan zen. Indarrak ahitu arte egin zuten borrokan Adam Trenado gaztelarrak (Talavera de Reyna) eta Jose Nuñez jatorri venezuelarreko boxeolariak eta, azkenean, gaztelarra nagusitu zen. 

Azkenik, gaueko hamarrak aldera iritsi zen gaueko borrokaldi nagusia, Ixa Rodriguez plazentziatarra eta Teona Piroshmanasvili georgiarraren artekoa. Konbate borrokatua izan zen baina Ixa etengabe gailendu zitzaion Teonari. Bi aldiz bota zuen lurrera georgiarra, eta ietan altxatu bazen ere, bere entrenatzaileak toaila jaurti zuen ring-era eta hortxe amaitu zen borrokaldia. Ondorioz, Ixak KO teknikoz lortu zuen profesional mailako bere hirugarren garaipena. Orain arte ibilbidean, profesional mailako hiru borrokaldi jokatu ditu eta hirurak irabazi.

Jaialdiak iraun zuen bi ordu eta erdi inguruan, giroa beroa izan zen armailetan, batez ere ring-ean plazentziatarrak izan zirenean. Gainera, herriko mutil koadrila batek zenbait euskal kantu kantatu zituen hooligans estiloan - Txoriak txori, Itsasontzi baten... - eta horrek are gehiago berotu zuen giroa.