Lau plazentziatarrek egingo dute borrokan zapatuan

Erredakzioa 2019ko mar. 7a, 08:00

Ixa, Adur, Oussama eta Julen.

Bosgarren urtez jarraian, Sorabox klubak boxeo jaialdia antolatu du herrian, zapatuan, 20:00etan kiroldegian. Guztira, zortzi borrokaldi jokatuko dira, sei amateurrak eta bi profesionalak. Tartean, lau plazentziatarrek egingo dute borrokan.

Ixa Rodriguezen esanetan, gero eta zale gehiago dago eta horregatik erabaki dute aurten ere jaialdia Soraluzen antolatzea. Sarrerak 15 eurotan daude salgai Batzokian eta Kiroldegian eta 20 eurotan izango dira takilan egunean bertan. Dagoeneko saldu dituzte hirurehun sarrera.

Junior mailako neskak

Ixaren ustez, gaueko lehenengo borrokaldia izango da berezienetakoa; izan ere, hamasei urtetik beherako bi neskak egingo dute borrokan: Nora getxoztarrak eta Aroa sevillarrak. “Ez da ohikoa horrelako jaialdi batean junior mailako bi neska borrokan ikustea, eta konbate berezia izango da”.

Soraboxeko boxeolariak

Gaueko gainerako borrokaldiak Sorabox klubeko boxeolariek jokatuko dituzte. Sei boxeolari igoko dira ringera: Adur Odriozola, Oibar Artetxe, Oussama Hina, Julen Gallastegi, Oier Barrio eta Ixa Rodriguez bera. Ixa Rodriguez eta Teona Pirosmanashvili georgiarraren artekoa izango da gaueko borrokaldi nagusia, profesional mailakoa. Horrekin batera, azken orduan lotu duten gizonezkoen borrokaldi bat ere izango da, Adam Trenado eta Jose Nunezen artekoa.

Ixa sasoi betean

Ixa sasoi betean dago: “Oso ondo nago, gero eta konfidantza handiagoa dut neure buruarekin eta irabaztera aterako naiz. Teona oso argala da eta uste dut ni indartsuagoa izango naizela, baina auskalo, edozer gauza gerta liteke”.

Pisaketak Batzokian

Jaialdiko borrokaldi nagusietako boxeolarien pisaketak bihar arratsaldean egingo dituzte Batzokian, arratsaldeko 17:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.