Bidelan AP1 Enpresa Batzordeak oharra kaleratu du AP8ko lan-istripua dela eta

Erredakzioa 2019ko mar. 4a, 11:28
Bidegiko langileek elkarretaratzea egin zuten barikuan enpresaren eraikinaren parean. (Argazkia: Bidelan AP1eko Enpresa Batzordea)

Bidelan AP1 Enpresa Batzordeak “berehalako neurriak” exijitu ditu, “lan-istripu hilgarri eta larriak gero eta gehiago direlako”. Eguaztenean, eguerdiko 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean.  

Bidelan AP1 Enpresa Batzordeak oharra kaleratu du Iñaki Oregiri heriotza eragin zion lan-istripua gogor salatuz eta familiari eta lankideei elkartasuna adieraziz.

Batzordearen esanetan, istripua gertatu aurretik, BIDELAN AP1eko Enpresa Batzordeak jakinarazia zuen laneko prozeduretan hutsuneak atzeman zituztela eta horren ondorioz arrisku egoerak sor zitezkeela. Horregatik, Batzordeak eskatu du Osalan eta lan-ikuskatzailetzak ahalik eta azkarren egin dezatela ezbeharraren ikerketa sakona, “gertatutakoa argitu, lan-istripu gehiago saihestu daitezen, eta egon litezkeen ardurak argitze aldera”.

Batzordeak emandako datuen arabera, lan-istripu hilgarriek %20 egin zuten gora 2018an, eta aurten, honez gero, 8 dira lanean bizitza galdu duten pertsonak. “Lan-istripu larriak geroz eta gehiago dira, eta hauetako asko ez dira datu ofizialetan jasotzen, enpresek eta mutuek direnak baino gutxiago deklaratzen dituztelako”.

Batzordeak adierazi du “lan-istripuak ez direla kasualitate edo zorte-txarraren ondorio, baizik langileen lan eta bizi baldintzen gainetik irabazi ekonomikoak jartzen dituen eredu ekonomikoaren logika neoliberalarekin dutela lotura zuzena. Gipuzkoan jarraitzen da lehenesten azpiegitura handietako inbertsio publikoa, hauen eraikuntza, kudeaketa eta mantentzean lan egiten duten pertsonen lan-baldintzen kaltean, zeintzuek zerbitzu publikoen externalizazio, azpikontratazio eta estatalizazioaren bitartez, prekarietatera kondenatzen diren”.

BIDELAN AP1eko Enpresa Batzordeak iritzi dio egoeraren larria dela eta elkarretaratzea deitu du eguaztenerako -martxoak 6-, eguerdiko 12:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean, Donostiako Gipuzkoa Plazan.