Atsekabea zabaldu da herrian atzo lan-istripuz plazentziatar bat hil zela jakin eta gero

Egoitz Unamuno 2019ko mar. 1a, 08:50
AP8 autopista Eibar parean. Argazkia: Google Maps.

Hildakoa Iñaki Oregi da, 48 urteko plazentziatarra. Istripua atzo arratsaldean gertatu zen Eibarren. Bidegiko langileek AP-8-ko mantentze-lanetan ziharduten eta plazentziatarrak tentsio altuko kablea ukitu zuenean deskarga elektrikoa jaso zuen, heriotza eragin ziona.  

Segurtasun sailak esan duenaren arabera, gertaera 15:30 aldera gertatu zen. AP-8ko mantentze-lanetan zihardutela, Bidegiko langile zen soraluzetarrak tentsio altuko kable baten deskarga elektrikoa jaso zuen.

Biktima Donostiako ospitalera eroan zuten oso egoera larrian, eta ospitaletik jakinarazi zuten gero, hil zela.

Herritar askok atzo iluntzean jakin zuten Iñaki Oregiren heriotzaren berri eta ordutik atsekabea zabaldu da herritarren artean. Gaur egun Deban bizi zen arrenIñakik lotura estua mantentzen zuen Soraluzerekin eta soraluzetarrekin.   

Gipuzkoan lan-istripuz hil den bigarren pertsona

Aurten Gipuzkoan lan-istripuz hil den bigarren pertsona da Iñaki Oregi, eta sei hilabeteren buruan lan-istripuz hil den bigarren plazentziatarra. Izan ere, iazko irailean, German Rodriguez plazentziatarra hil zen lan-istripuz, Ondarroako etxebizitza bateko balkoian lanean ari zela. Orduko hartan, gehiengo sindikalak deituta herritarrek elkarretaratzea egin zuten plazan lan-istripuak eragozteko neurriak eskatuz.