Besteak beste ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, EH Bildu koalizioko ordezkariek eta hainbat herritarrek bat egin dute lan istripuen drama salatzeko egindako elkarretaratzean, Plaza Berrian gaur iluntzean, astelehena.
48 hildako lanean
Bi sindikatuetako ordezkariek gogora ekarri dute German Rodriguez soraluzetarraren heriotzarekin dagoeneko 48 direla aurten lan istripuz hil diren langileak. “Dagoeneko 48 langile hil dira Hego Euskal Herrian; egoera hau onartezina da. Hori dela eta, ELAk lan istripuei aurre egiteko egitasmoa eskatzen dio Jaurlaritzari egoerari buelta eman ahal izateko”, adierazi dute ELA sindikatutik.
LAB sindikatutik, berriz, ezbehar horren “inguruko guztiak” argitzeko exijitzeaz aparte, gogora ekarri dute, “behin eta berriz salatu” dutela “lan istripuen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla, prekarietatea eta lan osasuna elementu kontrajarriak direlako”. Hori horrela, LABetik “Administrazio Publikoei” exijitzen diete “beste alde batera begiratu ez dezatela; lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezar ditzatela”.