Aratusteak 2019

Fantasiazko munduan barrena

Ubane Madera 2019ko mar. 3a, 12:17

Ipuin klasikoak zein modernoak irudikatuz, denetariko mozorroek jantzi zituzten Soraluzeko kaleak Aratuste zapatuan. Txanogorritxurekin, Aliziarekin,  Heidirekin, Patxi Errementariarekin eta 101 Dalmatekin batera, Soraluzeko kaleak hartu zituzten, adibidez, Harry Potterrek eta lagunek, Asterixek, Obelixek eta erromatarrek eta baita Tintinek ere. Kontuak kontu, eta eguraldia lagun, urtetik urtera indartzen doan Aratuste zapatuan gustura asko ibili ziren Soraluzeko lagun kuadrillak eta haiei begira gainontzekoak. (Argazkiak: Fernan Oregi).

Iaz, moduan, aurten ere eguerdi partean elkartu zen mozorrotutako herritar gehien kalean. 12:00etan ia hutsik zeuden kaleak 13:00etarako bor-bor ageri ziren. Akelarre txarangak animatuta, bertan ziren askok bat egin zuten estreineko aldiz egin zen kalejiran.

Lan handia

Ohi moduan, mozorroen artean denetarik izan zen. Baziren batzuk bi hilabetez garajean lantzen jardundako 500 kiloko karrozarekin atera zirenak; bertan txerri-kumea erretzen jardun zuten eta irudikatzen zuten komikiaren pusketa bat antzeztu zuten karpapean, gainera. Beste kuadrilla batek, berriz, ipuin bakarra barik, ipuin sorta osoa irudikatu zuten. Eta ia-ia 101 dalmata batu ziren Soraluzen, kuadrilla batek baino gehiagok aukeratu zuen-eta ipuin hori mozorrotzeko.

Osterantzean, eskuz egindakoekin zein erositakoekin jantzita, umeak, gazteak eta helduak, denetarik animatu zen mozorrotzera, eta norbaitek esan zuen moduan: “Horrela jarraituz gero, Aratuste zapatuan Soraluze bilakatuko da Tolosa txiki!”.

Erlazionatuak