Patricia Borinaga izango da alderdi sozialistaren alkategaia

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 27a, 14:13

Patricia Borinaga eta Eneko Andueza gaur goizean.

Soraluzeko Alderdi Sozialistak gaur goizean jakinarazi du Patricia Borinaga izango dela alderdiak Soraluzeko Udalera aurkeztuko duen alkategaia. Agerraldian izan da Eneko Andueza PSE-EE-ren Gipuzkoako idazkari nagusia ere.

Borinagak esperientzia luzea du udalgintzan. Lehen aldiz, 2007ko hauteskundeetan hartu zuen zinegotzi kargua – orduan zerrendaburu zen Sole del Bosqueren aldamenean-. Orduz geroztik, hiru agintaldi egin ditu zinegotzi moduan - azken biak alkategai-. Gaur egun, alkateorde kargua du PSE-EEk EAJ-rekin batera osatzen duen Udal Gobernuan.

Lehentasunak

Borinagak adierazi duenez, bere lehentasunetako bat Irisgarritasun planean aurreikusitako proiektuak garatzen jarraitzea, “irisgarritasunean inbertsitzea pertsonen bizi kalitatean inbertitzea delako”. Horrekin batera, azpimarratu du herrian egiten diren inbertsioak auzoetara helarazteko beharra: “Badira auzoak denbora luzean hobekuntzarik egin barik daudenak eta jatea bezain beharrezko da horietan inbertsioak egitea.

Arlo soziala ere bultzatu asmo du, kaleko hezitzaileen programa bat abiatuz eta familietako eskuhartzerako programa indartuz. Gainera, ezinbesteko jotzen du umeentzako estalitako espazio bat egokitzea eta jolastokiak eraberritzea, lehentasunen arabera.

Azkenik, konpromisoa hartu du berdintasunaren gaia bultzatzen jarraitzeko, III. Berdintasun plana eratuz, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko, herrian egin berri den lehen kontsultaren bidetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.