Udal Gobernuaren erantzuna EH Bilduri herri-galdeketaren balorazioa dela eta

Udal Gobernua 2019ko ots. 23a, 18:17
Alkate eta udal teknikariak obretako arduradunekin, geltokiari buruz.

"Udal Gobernuko kideok (EAJ-PSE-EE) zenbait argibide eman nahiko genituzke EH Bilduk Errabaleko autobus geltokiaren herri-galdeketaren harira eman dituen azalpenak argitzeko".

"Gaia berebtestuinguruan kokatu eta nahiko genuke argi azaldu zergatik egin genuen Soraluzen egin den lehen herri-galdeketa.

Errabaleko urbanizazio obrak egitea erabaki zenean hartu zen erabakia geltoki nagusia birkokatzeko. Udal teknikariekin kontsultatu eta ziurtatu ondoren haiek ez zutela inolako eragozpen teknikorik antzematen, proposatu zen geltokia Baltegieta kalera lekualdatzea, ikusita Errabalen ez dagoela lekurik autobus geltoki batek beharrezkoak dituen oinarrizko elementuak (jarlekuak, markesina…) jartzeko.

Azaroaren 22an herritarrei proposamenaren berri emateko batzarra egin zen Herri Antzokian. Bertan ikusi zen bertaratu ziren herritar gehienak ez zeudela ados egindako proposamenarekin, eta nahiago zutela geltokia Gilan ipintzea. Horren aurrean, Udal Gobernuak autokritika egin eta erabaki zuen erabakia zzuzentzea. Norbere okerrak zuzentzea jakintsu denaren erakusgarri. Horregatik erabaki genuen herri-galdeketa loteslea deitzea, soraluzetarrak izan zitezen autobus geltoki nagusiarendako kokalekua aukeratuko dutenak.

Behin deialdia eginda, ulertezin samarra iruditzen zaigu EHBilduren jarrera. Ez dugu ulertzen herritarren parte-hartzea ikurtzat izan duenak kontsideratzea gure erabakia oportunista eta elektoralista dela, eta esatea herritarrekiko deskonexioa dugula soraluzetarrei ahotsa eman diegulako zuzenean eragiten dien udal eskumeneko gai batean.

Ez dago txarto gogora ekartzea zorioneko autobus geltokia 2009an lekualdatu zela Estaziotik Errabalera, EHBilduren erabakiz, oposizio guztia eta 600 soraluzetar baino gehiagoren sinadurak kontra zituela; eta erabaki zutela errepidea noranzko bakarreko bilakatzea eta errail bat erabiltzea aparkaleku modura. Eta Errabalen egon da geltokia orain arte. Gaur egun duten postura ikusita, gure buruari zera galdetzen diogu: horren argi baldin badute Gila zela kokalekurik egokiena eta erabaki teknikoa besterik ez zela hartu behar, zergatik ez zuten geltokia lekuz aldatu 2009az geroztik gobernuan izan ziren 6 urteetan? Akaso horrek zerikusiren bat izan dezake lekualdaketak izango duen kostuarekin?

Bukatzeko, berretsi egiten dugu galdeketari buruzko balorazio positiboa eta eskerrak eman nahi dizkiegu bertan parte hartu zuten 920 soraluzetarrei. Espero dezagun mota honetako herri-galdeketa egiten den lehen aldia izatea hau, baina ez azkena".