Bakoitzak bere burua aurkeztu ostean, AEK-ko ordezkariek 21. Korrikaren nondik norako nagusien berri eman zuten: lelo nagusia –Klik egitea-, Txillardegiri omenaldia, ibilbide orokorra… Soraluzera, apirilaren 13an helduko da, 14:00ak 14:30ak bitartean. Osintxutik etorriko da eta Ola aldetik sartuko da herrian. Santa Ana kalean barrena joango da, Kalebarren eta Gabolatsen zehar, Ezozibidetik Mendiola industrialdera, handik Maltzaga aldera joateko, Eibarrera bidean.
Sei kilometro
Soraluzek sei kilometroko ibilbidea bete beharko du. Kilometro bakoitza 450 eurotan jarriko dute salgai eta, ohikoa den moduan, helburua da lekukoa eroan nahi duten herriko talde eta erakundeen guztien artean erostea kilometrook.
Korrika kulturala
Korrika kulturaleko egitaraua ere horrelaxe osatu dute, talde bakoitzak egingo dituen proposamenekin. Oraingoz, lau ekitaldi daude zehaztuta: martxoaren 30ean Soraluze-Eibar arteko mugarriak ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu du AEK-k, Iruren amaituko dena; apirilaren 5ean Beltzean mintzo hizkuntza gutxituen berreskurapen esperientzien gaineko dokumentala proiektatuko du Pil-pileanek; apirilaren 6an Tabernaria: Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña izeneko antzerki monologoa eskainiko dute Gaztetxean; eta apirilaren 11n, euskarazko film-laburrak proiektatuko dituzte antzokian, Laburbira zikloaren barruan. Gainerako ekimenak datozen asteetan zehaztuko dituzte, talde bakoitzaren proposamenen arabera.
Hurrengo bilera
Azkenik, zerrendatu zituzten hurrengo bilerarako talde bakoitzak bete beharreko zereginak :
- Taldearen izenean korrika egin duen pertsona kopurua zehaztu (bat edo bi).
- Kilometroak erostera bideratuko duen dirua zehaztu eta batzordera ekarri. Beharrezkoa da elkartearen datuak ekartzea, dagokion ziurtagiria egiteko.
- Korrika kulturalaren barruan antolatu nahi duen ekimenaren berri eman. Horrenbestez, hurrengo bileran, lasterketan lekukoa eroango duten ordezkarien zerrenda osatuko dute, Korrika kulturalaren egitaraua osatzearekin batera.
Batzordea martxoaren 12an batuko da berriz, arratsaldeko 18:30ean, AEKren egoitzan.
Lehen bilerako ordezkariak
Atzoko Korrika Batzordera ordezkaritza bidali zuten taldeak ondorengoak izan ziren: Futbol taldea, Atxolin guraso elkartea, Gaztelekutik, Jai batzordetik, Keixeta, Udala, EAJ, Korner Morea, Pil-pilean, Itxaropena, Bizikale, EH Bildu, Mendi taldea, Sortu, GUre Esku Dago, Musika eskola.