Zubi Nagusian kokatuko da etorkizuneko autobus geltokia

Ubane Madera 2019ko ots. 17a, 20:18

Zubi Nagusia gaur iluntzean, domeka.

668 botorekin, Zubi Nagusia aukeratu du herri-galdeketan parte hartu duten herritarren gehiengoak udalerriko autobus geltoki nagusiaren kokaleku izateko. 180 boto eskuratu ditu, berriz, Errabalek eta 70 Baltegietak. Guztira, 920 herritarrek parte hartu dute herri-galdeketan. Udal Gobernuak ekimenaren gaineko balorazio positiboa egin du, “demokraziak irabazi” egin duela esanez, besteak beste.

19:00etan hautetsontzia itxi bezain laster hasi dira herri-galdeketako botoak kontatzen, EAJko, PSE-EEko eta EHBilduko ordezkariak. Ordu erdian zenbatu dituzte ontzian zeuden 920 boto-paperak, eta Zubi Nagusiaren aukera nagusitu da haien artean.

Honakoa izan da emaitza:

  • Zubi Nagusia: 668
  • Errabal: 180
  • Baltegieta: 70
  • Baliogabeak: 1
  • Zuriak: 1
  • Guztira: 920

Gauzak horrela, eta kontuan hartuta, 3.298 herritarrek zutela botoa emateko eskubidea, %27ko partaidetza izan du herri-galdeketak.

Galdeketa gehiago espero

Iker Aldazabal alkateak, ekimenaren balorazio positiboa egin du, esanez, besteak beste “demokraziak irabazi” egin duela; eta gaineratu du etorkizunean herri-galdeketa gehiago espero dituela, ikusita  “herritarrei aukera emanez parte hartzen dutela”. Horrekin batera, berretsi du erabakia loteslea izanda, Zubi Nagusia izango dela etorkizuneko autobus geltokia :

“Lehenengo eta behin zorionak eman nahi diet herri-galdeketan parte hartu duten 920 soraluzetarrei. Lehen herri-galdeketa izateko, Udal Gobernu moduan oso pozik gaude partaidetzarekin. Orain arte udal gaiak erabakitzeko ez da inongo galdeketarik egin, eta lehena izatean, ez geneukan erreferentzia zehatzik. Baina, adibidez, Gure Esku Dagoren herri-galdeketa egin zenean, partaidetza 908 herritarrena izan zen, beraz, ontzat ematen dugu. Demokraziak irabazi du. Erabakia loteslea denez, Zubi Nagusia izango da etorkizuneko autobus geltokia eta ikusi denez herritarrei aukera emanez parte hartzen dutela, espero etorkizunari begira ere herri-galdeketa gehiago burutzea garrantzizko gaiak direnean. Legealdiko azken galdeketa izango da, baina espero dugu etorkizuneko legealdietan hau praktika hau berriz ere burutzea herriko erabakiak hartzerako orduan”.

Patricia Borinaga gobernukideak berretsi egin du alkateak esandakoa: “Azkenean jendeak iritzi propioa dauka eta horren arabera bozkatzen du. Eta guretzat prozesu honetatik garrantzitsuena da jendeari ahotsa ematen zaionean, parte hartzen duela. Alderdi bakoitzak geltokiaren kokaguneari buruz dugun iritzia aparte lagata, kontsulta honen bitartez bidea zabaltzen da bestelako erabaki garrantzitsuetarako ere herritarrei iritzia eskatzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.