Bost erakundetarako hauteskundeak izango dira maiatzaren 26ra bitartean

Ubane Madera 2019ko ots. 15a, 10:58

Herritarrak botoa ematen Espainiako azken hauteskunde orokorretan.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri berri du Espainiako hauteskunde orokorrak apirilaren 28ra aurreratuko dituela. Horrek esan nahi du, besteak beste, 12 eguneko atsedenaldia besterik ez dela izango hauteskunde orokorren eta udal eta foru hauteskundeen eta Europako hauteskundeen kanpainen artean. Izan ere, apirilean eta maiatzean bost erakundetarako hauteskundeak izango dira.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak apirilaren 28an izango direla iragarri berri du Espainiako presidente Pedro Sanchezek gaurko deituta zegoen ezohiko ministroen kontseiluan.

Hori horrela, 54 egun lehenago desegingo ditu Espainiako gorteak eta apirilaren 12an (barikua) hasiko da kanpaina eta apirilaren 26an bukatu. Bestela esanda, Aste Santua bete-betean harrapatuko du Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainak.

Bost erakundetarako hauteskundeak

Eta gainera, apenas egongo da 12 eguneko atsedenaldia hurrengo hauteskunde kanpaina hasi arte. Izan ere, maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak eta baita Europakoak ere. Beraz, haiei dagokien kanpaina hasiko da maiatzaren 10ean eta maiatzaren 24an bukatuko da.

1979. urteaz geroztik ez da izan horrenbeste hauteskundetarako hitzordurik bata bestearen ondotik Espainiako estatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.