Astelehenean hasiko da autobus geltoki nagusiari buruzko herri galdeketa

Ubane Madera 2019ko ots. 8a, 13:14

Udalbatza atzoko osoko bilkuran.

Atzo iluntzeko osoko bilkuran onespena eman ondoren, datorren asteko astelehenetik domekara bitartean gauzatuko da autobus geltoki nagusia non ipini erabakitzeko herri galdeketa. Galdeketa egitea bera “mugarri historikoa” dela azpimarratu zuen Iker Aldazabal alkateak. Unai Larreategik, berriz, EHBilduren abstentzioa arrazoitu zuen mahai gainean jarritako hiru kokalekuetatik bik ez dituztelako “gutxieneko baldintzak” betetzen.

Autobus geltoki nagusiaren kokalekua erabakitzeko herri galdeketari onespena eman zion atzo udalbatzak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EHBilduren abstentzioarekin. Hori horrela, eta autobus geltokiarendako balizko hiru kokaleku mahai gainean ipinita, datorren astelehenetik domekara soraluzetarrek izango dute zein nahiago duten erabakitzeko aukera.

Iker Aldazabalek jakinarazi zuen behin galdeketak onespena lortuta, egunotan emango dutela herri galdeketaren berri udalerriko  hainbat puntutan (autobus geltokietan, iragarki tauletan, Udalaren webgunean…), komunikabideetaz aparte.

"Erabakitzeko eskubidea"

Behin informazio orokorra emanda eta behin azpimarratuta herri galdeketa egitea erabaki zela ikusita autobus geltokiaren gaiak herritarren artean eragindako debatea, alkateak herri galdeketa bera egitea “mugarri historikoa” dela azpimarratu zuen, udalerriko historia demokratikoan lehen aldiz “herritarrei herriko gai baten inguruan erabakitzeko eskubidea” ematen zaielako: “Lehen aldia da eta espero dut azkena ez izatea”.   

Alkateak azpimarratu zuen 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dutela botoa emateko aukera, nahi izan dutelako “erabakitzeko eskubidea” ahalik eta herritar gehienek izatea. Eta jakinarazi zuen dagoeneko gertu daudela galdeketarako boto-paperak.

Horrekin batera, kokaleku bakoitzaren ezaugarriak mahai-gaineratu zituen Aldazabalek, aldeko eta kontrako arrazoiak partekatuz.

"Jokoz kanpo sentitu"

Bada, hain justu, kokaleku horiek, edo kokaleku horien artean batek bereziki (Errabalekoak) “gutxieneko baldintzak” betetzen ez dituela-eta, oposizioko EHBilduko zinegotziak abstenitu egin ziren puntu honetan.

Unai Larreategi bozeramaleak adierazi zuen “urte eta erdi” pasatu dutela hainbat batzordetan gaia debatitzen eta proposamenak egiten, eta oro har, “jokoz kanpo sentitu” direla, eurek egindako ekarpenek ez dutelako batere erantzunik jaso.

Ildo beretik, herri galdeketari berari dagokionez, esan zuen “hamaika zalantza” eragiten diela, batik bat, Udal Gobernuak erabaki duelako gaiari dagokion guzti-guztia. “Horrelako gauza garrantzitsua izanda ere, ez da landu gutxieneko adostasunik lortzeko biderik”.

Horrekin batera, oposizioak zalantzan jarri zuen herritarrek nahikoa informazioa ba ote duten herri galdeketari buruz. “Honantz gentozela kalean galdetu dut, eta inork ez zekien datorren astean izango denik ere. Jendeak beste jakituria bat behar du bozkatzerako orduan. Oso kontu serioa da, batez ere, askok sekula erabiltzen ez duten gai bati buruz botoa emateko aukera izango dutelako”.

"Defizit handia"

Eta bereziki, herriari galdetzearen zilegitasuna zalantzan jarri ez arren, EHBilduren ustez, zentzuzkoena da “gutxieneko baldintzak” betetzen dituen geltokiaren aldeko erabakia hartzea eta ez, berriz, “defizit handia” duten “aukerak” mahai gainean jarri eta herri galdeketa egitea.

“Gilan irtengo dela pentsatzen dugulako ez diogu garrantzirik ematen Errabal aukeren artean egoteari, jakin arren han ezin dela ez markesinarik eta ezta ere jarlekurik ipini. Parafernalia apur bat badago kontu honetan”, adierazi zuen Larreategik.

Besteak beste, Jabi Garmendia jeltzaleak erantzun zion Larreategiri, esanez gai bati buruzko eztabaida dagoenean “galdetzea” dela “gauzarik naturalena”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.