SAPArekin sinatu beharreko hitzarmenaren gaia atzeratzea eskatu zuen Unai Larreategi oposizioko bozeramaleak atzoko udalbatzarrean. EHBilduko ordezkariak gaiak eragiten dien “kezka” partekatu zuen “segurtasun gabezia” handia eragiten diolako horrelako erabaki bat hartzeak momentu honetan duten informazioarekin.
Bi eskaera
Larreategik ezinbesteko ikusten du bi datu eskuratzea Soraluzeko Udalak SAPAren eraikina bereganatu aurretik:
- 1- Zehatz mehatz jakitea zenbatekoa den proiektuaren kostua. “Ba omen da azterketa bat LKSk egindakoa 130.000 euroko kostua aurreikusten duena. Baina azterketa hori ez da ezta mahai gainean jarri ere egin, eta gainera, ez da eguneratu; beraz, Diputazioak iragarritako 175.000 euroko dirulaguntza estimazio batean oinarrituta dago. Hori horrela, zer egingo dugu, adibidez, 350.000 euroko kostua badute SAPAko eraikin horretan egin beharreko aktuazioek?. Egin dezagun lehenengo azterketa urbanistikoa eta ikusi dezagun zenbat kostatuko den guztia. Akordioan bertan ere ez da azaltzen zenbateko hori-eta”. Ildo beretik, Ogasun diputatuak Soraluzeko Udal Gobernuari hitzez bakarrik agindutako dirulaguntza ziurtatzearen beharra ere azpimarratu zuen Larreategik: “Inportantea da dirulaguntza eskuratuko dela lotzea. Bi hilabete barru hauteskundeak dira, eta batek daki zer gertatuko den”.
- 2- Horrekin batera, eraikinaren egoerarekiko kezka ere helarazi zuen oposizioko bozeramaleak: “Eraikina eskuratu eta hurrengo egunean bertan bota egin beharko litzateke. Zer gertatuko litzateke hondamendi egoeran dagoen eraikin hura Soraluzeko Udalak eskuratu eta norbaiti zerbait gertatuko balitzaio? Soraluzeko Udala izango litzateke erantzule”. Gauzak horrela, eraikina eskuratu aurretik, Unai Larreategik datu guztiak izatearen garrantzia berretsi zuen: “Hartu dezagun hartu beharreko ardura, baina egoeraren jakitun, eta ez gero eskuak burura eraman. Beraz, guk gonbita egiten dugu gaia oraingoz bertan behera lagatzeko eta informazio guztia dugunean berriro ere aztertzeko. Seguru intentzio onarekin eginda dagoela hau, baina ardura eragiten du eta hortik dator gure kezka. Uste dugu orain ez dela hau egiteko momentua”.
"Lau urte kosta da"
Esandako guztiari erantzunez, berriz, Jabi Garmendia zinegotzi jeltzaleak eta Iker Aldazabal alkateak, biek ala biek azaldu zuten SAPAren eta Udalaren arteko akordioa atzeratzea “okerrago” dela, horrek orokorrean, “makinaria” guztia atzeratu egingo zukeelako.
Eta azpimarratu zuten “orain” dela eraikina Soraluzeko Udalarendako bereganatzeko momentua. “Soraluzeko Udalaren, SAPAren eta Gipuzkoako Diputazioaren artean lau urte luzez egindako gestioen ondorioa da hau. Lau urte kosta da hau lortzea. Orain da momentua”.
Esandako moduan, bada, EAJren eta PSE-EEren aldeko sei botorekin eta EHBilduren kontrako lau botorekin onartu zen Soraluzeko Udalaren eta SAPAren artean lagapen hitzarmena sinatzea.